Artearen Ibilbidea Mungiara bueltauko da
2024-08-26 09:54 KultureaHaurtzaroa artean erakusketeari esker.
BBK Artearen Ibilbidea dibulgazino artistikorako programa ibiltariaren bosgarren edizinoa izango da Mungian. Haurtzaroa artean izenburupean, aurton Bilboko Arte Eder Museoko bildumako 28 artelanen erreprodukzinoak erakutsiko ditu, artearen historiako gai, estilo eta aldi ugarietan umezaroa nola irudikatu daben erakusteko. Beraz, Matxin plazan irailaren 2ra arte dagoan erakusketean, Sorolla, Juan de Barroeta edo Antonio María Lecuona lako artisten lanak ikusi ahal izango dira.
Idurre Urresti Mungiako Udaleko Kultura zinegotziak adierazo dauenez, aukera parebakoa da mungiarrek eta bisitariek esperientzia artistiko horregaz disfrutau eta ikas deien. Era berean, gaineratu dauenez, Mungian Artearen ibilbidea programea jasoten dogun bosgarren aldia da, eta seguru nago askoz gehiago izango dirala, izan be, ondoetorriak izaten dira beti, eta harrera ona izaten dabe holako ekimen kulturalek.
Ildo horretan, museoko bildumako sorkuntza-lanen artean, artearen historiako hainbat gai, estilo eta alditan umezaroa irudikatzeko moduak aukeratu dira, sortzaileen begiraden bidez. Artistek erlijioaren, aisialdiaren, umeek helduekaz daben hartu-emonen eta rolen mundua historian zehar nola aldatu diran adierazoten dabe.
Erakusketa Matxin plazan egongo da ikusgai, eta kronologia zabala daben 28 pintura batzen ditu, XV. mendeko taula gaineko pintura batetik hasi eta Vanessa Whinship artistearen 2022ko argazki bateraino.
Bestalde, panelekaz batera, muntaiak obren kalidade handiko erreprodukzinoak dituan gailu didaktikoa eskaintzen dau. Erreprodukzino bakotxagaz batera iruzkin bat egiten da, euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta QR kode baten bidez be lor daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!