Sabin Salaberri autortzen dauen erakusketea, ikusgai
2024-08-20 08:43 KultureaGaur, hilak 20, inauguratuko da Ignacio Aldecoa Kultura Etxean.
Arabako Sabin Salaberri Urcelay musika konpositore, zuzendari, irakasle eta ikertzaileak 90 urte bete dituala, margolaritzako eta argazkigintzako artista talde batek Koloredun notak izeneko pintura eta argazki erakusketea sortu dau. Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean egongo da ikusgai, urriaren 2ra arte.
Artistak Blanca Abajo Alda, Karol Fernández Arberas, Amaya Camoeiras, Marijo Lojo Escalante, Ana Díaz de Espada, Zirika eta Susana Camoeiras dira.
Erakusketean jendaurreratu gabeko hogei bat lan batu dira, konpositorearen figurean eta musikean oinarrituak. Erakusketearen bidez, Arabako konpositorearen figurea autortu nahi da, baita euskal kulturari egin deutson musika eta konposizino ekarpena be.
Gaur, hilak 20, inauguratuko da arratsaldeko 19:00etan, izan be, Salaberrik laurogeita hamar urte betetzen ditu.
Sabin Salaberri
Sabin Salaberri Urcelay 1934ko abuztuaren 20an jaio zan, Aramaion (Araba). Musika konpositorea, zuzendaria, irakaslea eta ikertzailea da. Konpositore bezala egin dauen produkzino gehiena musika koralari eskainia da, baina beste eremu batzuk be landu ditu, esaterako ahotserako eta pianorako abestiak eta ahotserako eta orkestrarako abestiak, baita organorako musika be. Alde horretatik, eginkizun garrantzitsua izan eban euskerazko lehen errepertorio liturgikoen osoerean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!