Zarauzko Jauregiaren zaharbarritzea, bide onean

Bizkaie! 2024-08-20 08:20   Kulturea

Getariako Urigune Historikoan dago.

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, Gipuzkoako diputadu nagusi Eider Mendozak eta Getariako alkate Haritz Alberdik lan-topaketea izan dabe, Zarauzko Jauregiaren zaharbarritze integraleko lanen bilakaerea ezagutzeko.

Getariako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Europako funtsekaz sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza dira obra horreek. Bertan, eraikinaren birgaitzea aurreikusten da, baita erabilera anitzeko espazioa egitea be. Horreen artean, nabarmentzekoak dira turismo-bulegoa eta Elkano Mundibira museo-espazioa, espedizinoa modu didaktiko eta erakargarrian erakusteko helburua dauena, jasangarritasunearen eta kultura-aniztasunearen errespetuan oinarrituta.

Zarautz Jauregia Getariako Urigune Historikoan dago, Kale Nagusiko 38 eta 40 zenbakietan eta interes kulturaleko eraikina da, 1999ko Dekretuaren bidez babestua. Horren bidez, Getariako Urigune Historikoa Sailkatutako Kultura Ondasun izentau zan, Monumentu Multzo Kategorian, Euskal Kultura Ondareari buruzko 1990 Legeak aitatzen dituan babes-araubideak jarraituz.

Eraikina, gaur egun hutsik dagoana, eskuinetik beste torre bategaz lerrokauta dago eta ezkerretik, partzialki, San Salvador eliezagaz. XVI. mendeko eraikin gotikoa da, ondare baliotsukoa, Getariako uribilduaren bilakaerari eta garapenari buruzko informazinoa jasotzen baitu hormen artean. Bestalde, orubearen beheko solairuan indusketa arkeologiko sistematikoak egin dira, erromatarren okupazino baten aztarnak agertuz. Garai historiko hori ez dago ia dokumentauta Euskal Autonomia Erkidegoan, beraz, aztarna horreek ikusgai jarriko dira monumentuaren eta Getariaren historiaren zati bezala balioa emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu