Artearen eta kulturearen bidez gizarteratzeko programea aurkeztu dabe
2024-08-13 09:18 KultureaMezenak Barreras Invisibles izeneko proiektua.
Eusko Jaurlaritzak eta Fair Saturday Fundazinoak Mezenak Barreras Invisibles programea aurkeztu dabe. Mezenasgoa bultzatzen dauen proiektu horren helburua da bazterketa-arriskuan dagozen neska-mutilek euren talentu artistikoa garatu ahal izatea. Azken baten, gazteak artearen eta kulturearen bidez gizarteratzea da programearen xedea.
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Fair Saturday Fundazinoaren fundatzaileetako bat eta Mezenak Barreras Invisibles programearen arduraduna dan Saioa Eibarrek Gipuzkoako uriburuko Koldo Mitxelena Kulturunean adierazo dabenez, une honeetan edegita dago mezenas familiak erakartzeko epea. Helburua da desabantaila-egoeran dagozen familietako 100 neska-mutilek egin ahal izatea euren talentua garatzeko arte-ikasketak. Horretarako, mezenasgo zibileko eredu baten aldeko apustua egiten da eta horrek esan nahi dau mezenas gisa jardungo daben eta proiektuagaz konpromisoa hartuko daben 100 familia batuko dirala.
Programeak parte hartzen daben gazteen autoestimea hobetu eta garapenean laguntzen dau, tresna kognitiboak, sozialak eta emozinonalak emonez adierazo dau Melgosak.
Mezenak Barreras Invisibles programeak hiru arlo lantzen ditu:
- Bekak: Prestigio handiko ikasketa-zentroetan kultura-bekak eskaintzen ditu.
- Lagun egitea: Mezenas familia bakotxak hartu-emon estuak izango ditu bekadunaren familiagaz, konfiatzazko eta alkar ezagutzeko giroa sortuz.
- Autonomia sortzea: Kultur ekitaldietara norberaren eskubidez sarbidea izateak komunidadeko kide izatearen sentimendua areagotzen deutsee programean parte hartzen daben gazteei.
Mezenak erakartzea
Programa pilotua izateari itxi deutso eta Euskadi osora edegitea da helburua. Horretarako, mezenak erakartzeko kanpainea jarri da martxan. Spot bideoa egin da eta hainbat gizarte-eragileekaz bilerak egingo dira, baina uste da programa ezagutarazotea dala emon beharreko lehenengo pausoa.
Saioa Eibarrek adierazo dauenez, garai aldakorrean bizi gara, etenbako hazkundea bilatzen eta, alde horretatik, beste bazterketa-mota batzuk ez ezik bazterketa-modu barria be ari da agertzen, ekonomikoki eta sozialki kalteberak diran kolektiboei bakarrik eragiten ez deutsen bazterketa kulturala, hain zuzen be. Mezenak programa sortu da argi izanda kultura ezinbestekoa dala gizartea osotzen dogun personen eta kolektiboen garapen sakona eta aberatsa lortzeko, kohesinoa ziurtatzeko eta bizikidetzearen oinarrizko zutabeak finkatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!