Badator Bermeoko San Roke Eguna

Bizkaie! 2024-08-12 08:00   Kulturea

Ohiturak berreskuratzeko asmoz atondua.

Abuztuaren 16an, tradizinoz, San Roke Eguna ospatu da Bermeon. Betidanik, jai egun garrantzitsua izan da arrantzaleentzat eta hegaluzea sasoian egonda, funtsezkoa da ospakizunean. Tala izan da beti alkartzeko gunea. Azken urteetan, San Roke Eguneko ospakizunak indarra galdu dau eta ohiturak berreskuratu eta hurrengo belaunaldiei egun horren atzean egon dan sentimendua hurreratzeko asmoz, aurton indarbarrituta egingo da San Roke Eguna. Bermeoko Udalak eta Bermeo Tuna World Capital (BTWC) alkarteak bat egin dabe, San Roke Eguna lehengoratzeko. Holan, egun horretarako egitarau zabala atondu dabe, itsasoan jaio eta Bermeoko Talan egiten dan San Roke eguna bueltan ekartzeko.

San Roke Eguna 12:00etan hasiko da Talan, halanda be, gura dauenak goizago joan ahalko dau, suak biztu eta marmitakoak prestetan hasteko. Izan be, kuadrillan marmitakoak prestetako ohiturea berreskuratzea da asmoa eta era berean, gazteengana heldu gura da. Kankinkabara Txistu Taldea emongo deutso egunari hasierea eta txosnagunea izango da.

Talan girorik ez da faltako egun osoan eta arratsaldean, kuadrillen arteko jokoak be egongo dira. Ganera, Arrekatxutxa trikitilari taldekoek hartuko dabe arratsaldea girotzeko ardurea. Umeentzako gunea be jarriko da.

Beste alde batetik, memoria eta dinamizazinorako bideo ugari edegiten hasi dira Bermeoko Udala eta BTWC alkartearen sare sozialetatik. Bideo horreen bitartez ondokoa erakutsi gura da: San Roke Eguneko ohiko marmitakoa, San Roke Egunean lehen egoten zan jai giroa eta itsasoko lana. Modu horretara, San Roke Eguna ezagutu ez daben gaurko egungo belaunaldietakoek be, antxinako giroa ezagutu ahal dabe.

Horrezaz gan, photocall berezia jarriko da argazki dibertigarriak atera ahal izateko, eta argazkiekaz, BTWCen konserba-sorta baten zozketan parte hartzeko aukerea egongo da. Zozketean parte hartzeko ondokoa egin beharko da: argazkia atera BTWC photocallagaz eta sare sozialetara igo, #SanRokeakBermeon eta #EtxekoAtuna erabilita eta BTWC eta Bermeoko Udala izentauta. Kontu biak jarraitzea komeni da.

Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikorako zinegotziak adierazo dauanez: San Roke Egunean ohikoa zan kuadrilletan batzea jai eguna ospatzeko; arrantzaleek, ganera, jai eguna eukien eta Talan batzen ziran sozializatzeko eta bikotekideak bilatzeko. Gaur egun be, jai egunak ospatzeko, kuadrilletan batzen dira gazteak. Beraz, San Roke Egunean be batu daitekez marmitakoak prestau eta era berean, herriko beste kuadrillekaz sozializatzeko. Denporak ez dira horrenbeste aldatu.

Maitane Leizaola BTWC alkarteko zuzendariak ondokoa aitatu dau: Bermeo Atunaren munduko kapitala dala deutsagu, Bermeo, bermeotarrak eta etxeko atunak hartu-emonak eduki dabelako beti. Batetik, hegaluzearen kostera oso garrantzitsua izan da eta da Bermeoko ekonomian, baita kulturean be. Kostera gelditu, atseden hartu, etxekoekaz egon eta marmitakoa jan; hori, Bermeoko erara bizitzea zan eta da. Zeresanik ez geure konserberen jardunean hegaluzeak daukan garrantzia eta urte osoan zehar itsasoan arrantza modu jasangarrian eginez, Bermeoren izena mundu zabalera eroan daben atunontzi izozkailuen lanak.

Bermeoko Udalak eta BTWC Alkarteak herritar guztiak deitzen ditue San Roke Egunean Talara hurreratzea, marmitakoa egitera eta ekimen guztietan parte hartzera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu