Basque Dok Festivalek lehen aurrerapena iragarri dau

Bizkaie! 2024-08-08 12:44   Kulturea

Jaialdian, Vanessa Winship, Bryan Schutmaat, Julia Mejnertsen eta Alex Llovet izango dira.

Euskadiko Irudi Garaikidearen Nazinoarteko Jaialdiaren (Basque Dok Festival-BDF) bosgarren edizinoak, programazinoaren lehen aurrerapena aurkeztu dau, Lurraldea eta Identidadeak ardatz izango dituana. Urriaren 24tik 31ra Bilbon egingo dan ekitaldia Europa hegoaldeko argazkigintzarako erreferentzia-gune bezala finkatu da eta tokiko nahiz nazinoarteko begiradea eta errealidadeetan dauen ikuspegiagatik nabarmentzen da.

Beraz, aurton, Vanessa Winship, Bryan Schutmaat, Julia Mejnertsen y Alex Llovet artista ezagunek hartuko dabe parte. Nazinoarteko ospea daben argazkilari horreek gogoeta kritikoa eta eztabaidea egiten lagunduko dabe euren lanekaz, narratiba garaikide barriek mundu globalizau eta aldatzen ari dan honetan lekua eta nortasuna kontzeptuak nola irudikatzen eta barrirudikatzen dituen jakiteko.

Halanda ze, jaialdiak dokumentalismo barriak eta ikusizko sorkuntza artistiko barriak aztertzen eta sustatzen jarraituko dau, garrantzi eta gaurkotasun handiko gaiak jorratuz. Aurreko edizinoan BDFk arretea jarri eban Identidade Artifizialak irudiaren eremuan, oraintsu, Lurraldeak eta Identidadeak izango dira hausnarketa kritiko sakona sustatzeko abiapuntua.

BDFk eutsi egiten deutso argazkigintzearen sektorean emakumeak ikusarazoteko konpromisoari eta gorabidean dagozen artista gazteen parte-hartzeari. Urtero lez, programak, berbaldiak, multimedia ikustaldiak, tailerrak eta portafolioen barrikuspenak izango ditu.

Azkuna Zentroa, Golem Zinemak, Canon España, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadea lako ohiko aliatuekaz lankidetzean eta BIME eta Donostiako San Telmo Museoaren babesagaz atondu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu