Aste Nagusiko txupinerea eta pregoilaria aurkeztu ditue

Bizkaie! 2024-08-02 13:47   Kulturea

Jaietako txupinera Nagore Ugarte eta pregoilari Itziar Ituño jentaurrean agertu dira gaur.

Aste bi pasautxu baino ez dira falta aurtengo Aste Nagusia hasteko eta, beraz, txupinereak eta pregoilariak adierazo dabe bederatzi eguneko eten bako jaiak preparetan hasita dagozala.

Bien izenak bagilean ezagutarazo ziran arren, gaur egin da aurkezpen publikoa eta Ituñok eta Ugartek aurreneko aldiz jantzi ditue jagokezen jantziak: pregoilariak, jaka horia eta adar biko txano baltza; txupinereak, jaka eta txapel gorriak. Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia eta Udaletxeko Jai Batzorde Mistoko presidentearen eskutik eta Bilboko Konparsak alkarteko ordezkariekaz batera.

Jaiak modu berezian biziko dozue eta oso gitxik esan ahal dabe hori. Duda barik, hunkigarria izango da, adierazo deutse protagonistei Itziar Urtasunek. 9 egunetan gora eta behera ibiliko gara eta ziur nago une bakotxa disfrutauko dozuela gehitu dau.

Kontuak kontu, aurton, Itziar Ituñok irakurriko dau pregoia, aktore eta abeslariak eta Nagore Ugartek, Txinbotarrak Konparsako kideak, botako dau txupina.

Ituñok esan dauanez: agertoki gainean neure saltsan dagoan persona lotsatia naz. Katuak maite ditut eta musikarekaz, jantzatuz eta kantatuz disfrutetan dot. Langile-familia batean hazi eta hezi nintzan. Aktore lanetan ezagutu arren, gauza gehiago naz.

Nagore Ugarte txupinerea, Zorrotzako bilbotarra da, lanbidez irakaslea. Jaietatik, bazkalostean mahaiaren inguruan luzatzen diran berbaldiak nabarmentzen ditu. Harrotasun handia da txinbotxupinera izatea, aitatu dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu