Elantxobe eta kostaldeko herri txikien enkantua
2024-08-02 12:16 Ibilian-ibilianElantxobeko Mendi Martxeak ibilbide bi eskaintzen deuskuz.
Urdaibaiko biosfereak txoko ederrak eskaintzen deuskuz. Bestelako begiradea emotean, barriz, ustebako ederrak topetan doguz bidean. Elantxobe anitza da, ikuspegi, aukera eta baliabideetan. Hori bai, aldatzak, ez dira gauerdiko ahuntzearen eztula. Bertakoak, adin eta sasoi guztietako herritarrak, egunero dagoz gora behera egiten.
Ganera, bertako harritzak benetan parebakoak dira. Antxinako tradizinoak eta historiak gordetako enkantuak bertan dagoz.
Kontuan kontu, Elantxobeko Mendi Martxa egitea plan bikaina da: lagunekaz alkartu, bakarrik edo familian. Hitzordua parebakoa da, baita paisaia eta giro aldetik be. Atxurkulu mendi taldeak atontzen dau eta babes handia izan ohi dabe. Distantzia bi proponiduten ditue, bata 22 km-koa eta bestea 11 km ingurukoa. Elantxobeko portua abiapuntu eta helmugea izanda. Kotxeak hobe kanpoaldean ixtea.
Ibilbideei jagokonez, dauela gitxi, Ibilian-Ibilian atalean, Laga eta Laida mendiak zeharkatu genduan, oraintsu, barriz, bestelako bideetatik pasauko gara. Laburrean, Ogoño inguruan anoa-postu likidoa egoan, Akordan, solidoa eta likidoa, Ibarrangelun likidoa eta helmugan, solidoa eta likidoa. Hemen martxa laburraren track-a.
Ibilbide luzeari jagokonez, 22 km-koa da eta 900-1000 m d+ artekoa. Anoa-postuak antzera, Ogoño aldean likidoa, Gametxon likidoa, Akordan solidoa eta likidoa, Ibarrangelun likidoa eta Elantxoben, helmugan, solidoa eta likidoa. Ibilbidearen track-a be, hemen.
Beraz, ibilbide bietan, hondartzak eta mendiak buztartzen doguz. Aitatutako ibilbideak geure kabuz eginez gero, luzatzeko aukerea izango dogu. Bizi Bizkaia, kostalde ederra, kresala iribarran lerrotan. Ganera, Kraken hanburgesategiak herriaren ikuspegi ederrak eskaintzen deusku. Disfrutau!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!