V. Open Data Euskadi sarietan izena emoteko epea edegi dabe
2024-08-01 12:08 KultureaAurkezteko epea 2024ko urriaren 10ean amaituko da.
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko datu edegien berrerabilerarik onenetarako sarien bosgarren edizinoan izena emoteko epea edegi dau. Lehiaketearen helburua da ideiak, aplikazinoak eta zerbitzu onenak saritzea eta open data kulturea bultzatzea.
Lehiaketea Eusko Jaurlaritzak atondu dau, Gobernantza, Administrazino Digital eta Autogobernu Sailaren bitartez eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundien eta Vitoria-Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalen laguntzinoa izan dau.
Ideien lehiaketea hiru kategoriatan banatuko da: osasuna eta gizartea, ingurune adiskidetsua eta iraunkortasuna eta kategoria orokorra. Kategoria bakotxeko proiektu irabazleek 3.000 euro jasoko ditue eta bigarren sariek 1.500 euro. Bestalde, aplikazinoen lehiaketean, 8.000 euroko saria jasoko dau kategoria orokorreko irabazleak eta 5.000 eurokoa sailkatutako bigarren proiektuak. Edizino honetako barritasuna aplikazinoen lehiaketean bigarren kategoria bat sortzean datza: web zerbitzuen kategoria, halanda ze, proiektu irabazleak 8.000 euro jasoko ditu.
Datu edegietatik sortutako edozein zerbitzu, azterketa, bistaratze edo aplikazino aurkeztu nahi dituen personek parte hartu ahal dabe, web bidez, hemen. Aplikazinoen lehiaketara aurkeztu nahi dabenek, barriz, gailu mugikorretarako zerbitzu, estudio, web aplikazino edo aplikazino bat garatzen daben proiektuak aurkeztuz, webgune honetan egin ahal izango dabe. Kasu bietan, proiektuak aurkezteko epea 2024ko urriaren 10ean amaituko da.
Open Data Euskadi
Eusko Jaurlaritzak formatu berrerabilgarrian eta erabilera-lizentzia edegien bidez argitaratzen ditu datuak Open Data Euskadi webgunean, herritarrek horreetatik eratorritako zerbitzuak sortu ahal izan deien. Zehazki, 8.000 datu-multzo baino gehiagoko katalogoa dau, horren artean; estatistikoak, geografikoak, administratiboak, ingurumenekoak, turistikoak eta meteorologikoak nabarmentzen dira. Era berean, EAEko hiru uriburuetako hiru foru aldundiek eta udalek open data atariak ditue, datu edegien katalogoa kontsultetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!