Mercedes Kareaga bekearen bigarren edizinoa edegi dabe

Bizkaie! 2024-08-01 08:44   Kulturea

Urriaren 1etik zemendiaren 30era aurkeztu ahal izango dira proiektuak.

Petra Elejalde maistra bere ikasleekaz (Egoibarra). | Ikusi handiago | Argazki originala

Eibarko Udalak Mercedes Kareaga bekea edegi dau bigarren aldiz. 2024ko edizinorako, Ego Ibarra Batzordeak EHU/UPVko Historia Sailagaz batera aukeratu dauen gaia ondokoa izan da: 1880tik 1936ra bitarteko Instrukzino Publikoa Eibarren. Herriko maistrak. Ekimenak, tokiko historiaren hutsunea betetzeko asmoa dau, izan be, gitxi aztertutako gaia da eta Eibarko hezkuntza sistemearen oinarriak zeintzuk izan ziran jakiteko balio dau.  

Proiektua, azterlana eta memoriak euskeraz egingo dira, beti be genero ikuspegia landuz. Ikerlana 20 hilabeteko epean egin beharko da eta iturri garrantzitsuena Eibarko Udal Artxiboa izango da. Bertan, gaiari buruzko informazino ugari dago eta datozen hilabeteetan, ikerketa lanaren mesedetan, dokumentazinoaren identifikazino lana egingo da.

Proponidutako proiektuak originalak izan behar dira eta egindako lanek Eibarren instrukzino publikoari buruzko informazino barria eta baliotsua jasotea espero da.

Bekea 9.000 eurokoa izango da eta interesunek urriaren 1etik zemendiaren 30era bitartean aurkeztu beharko dabe proposamena. Lanak, gehienez 15 orrikoak izango dira eta gaia eta jarraituko daben metodologia zehaztu beharko dabe.

Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta bertan, bekearen prozeduraren eta dokumentazinoaren inguruko zehetasun guztiak adierazoko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu