Bizkaian emongo ditu Euskarabenturak azken pausuak

Bizkaie! 2024-07-29 07:45   Euskerea berbagai

EuskarAbentura garagarrilaren 25an sartu zan Lekeitiotik.

Espedizinoak politto doa, arlo guztietan gainera: azpiegiturea, osasuna, edukia, gazteak.... Jakina, 300 km oinetan izanda nekea antzemoten dala ezin ukatu, gazteen sasoia bildurgarria bada be. Baita leku barriak deskubridu eta ezagutzeko pasinoa be eta horri esker aurrera egiteko animetan eta bultzatzen ditu espedizinokideak. Etapak aurrera doazen neurrian, azken eguna hurreratzean dago eta azaleratzen hasi dira amaitu eta ez amaitzeko neke eta gogoaren arteko tensinoak. Normala, euskerazko arnasgune erraldoi bat da askorentzat eta baita konfidantzazko burbuila bat be. Emozinoak beraz loratan dagozala esan daiteke.

 
Donostian, Zarautz, Lekeitio, Aulesti eta Gernika, bost horreek izan ditugu azken egunetan helmuga, bizitakoak, barriz, gehiago dira. Donostiako Piratakaz batera egindako abordaida lehenengoz egindakoa izango dala guretzako eta badakigu marea laranja abuztuan kaian izango dala. Kike Amonarrizen bisitea sano inspiratzailea izan zan eta Ziribito Records gazteakaz izandako barriketaldia zintzoa eta hurrekoa. Zarautzen, goiza gris esnatu bazan be, gozau egin genduan olatuakaz eta Skabidean zein Porrotxen bisitak eguna kolorez jantzi zituen. Lekeition egin genduan Bizkaiko lehen geltokia, bezperako magiagaz jarraituz Gure Zirkura hurreratu ginen, artistak ezagutu eta eurekaz batera momento ederrak biziz.

Donostian eta Zarautzen harrera instituzionalak izan genduzan: Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak harrerea eta gosaria eskaini euskuezan udaletxean; bertan izan ziran Eneko Goia alkatea eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Bardintasuneko Foru Zuzendaria. Zarautzen, barriz, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendaria eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailburuak harrerea egingo eutsen espedizinoari; momentua oso polita izan zan eta erretratuak be atara genduzan Xabier Txurruka eta Nerea Melgosagaz.

Azken egunetan sartzen da EuskarAbentura; Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo izango dira hurrengo mugarriak eta espedizinoari amaierea emongo deutson ekitaldia atontzen gabiz garagarrilaren 31rako Getxoko Muxikebarrin, eguerdiko 12:30ean hasiko dan horretarako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu