Goretti Eizaguirre soprano zarauztarra Musikaldian

Bizkaie! 2024-07-24 08:46   Musikea

Abuztuan izango da 36. Udako Musikaldia Zarautzen.



Santa Klara eleizan. Lau kontzertu izango dira abuztuaren 2an, 23an, 30ean eta 31n eta ikus-entzuleei musika klasikoa bere zabaltasunean eskainiko deutse.

Kontzertuak Santa Klara komentuko eleizan izango dira, 20:00etan, eta 200 personantzako aforo mugatua izango dabe. Programazinoari hasierea emoteko, abuztuaren 2an, Mario Prisuelos & Sigma Project Quartet taldearen Inblue kotzertua izango da. Philip Glass, Leonard Bernstein eta George Gershwinen obrak interpretauko ditue Mario Prisuelos pianisteak eta Sigma Project Quarteteko kideek: Andrés Gomis saxo sopranoak, Angel Soria saxo altuak, Alberto Chaves saxo tenoreak eta Josetxo Silguero saxo baritonoak.

Abuztuaren 23an, Josu de Solaun pianisteak errezitaldia eskainiko dau. Kontzertuan, F. Chopin, S. Prokofiev eta R. Schumannen musikea pianoan entzuteko aukerea dago maisu handi honen eskutik.

Abuztuaren 30ean, euskal musikearen txandea izango da Maite Arruabarrena (mezzosopranoa), Aitzol Iturriagagoitia (biolina) eta Susana García de Salazar (pianoa) hirukotearen eskutik, '1870-1939: Kantua Euskal Herrian kontzertuagaz. Julie Adrienne Carricaburu, Aita Donostia, Anita Idiartborde, Jesús Guridi eta Emma Chacónen musikea interpretau eta kantauko dabe.

Aurtengo Musikaldiak kontzertu berezi bategaz izango dau amaierea abuztuaren 31n, Goretti Eizagirre soprano zarauztarraren aurkezpen kontzertuagaz, hain zuzen be, jakinarazo dau Irune Urbieta (EAJ-PNV) Kultura zinegotziak. Herritarren gozamenerako ikuskizunak atontzeaz gan, zarauztarren talentua sustatzeko be balio dabe urtean zehar atotzen ditugun jaialdi eta ekitaldi honeek. Hori dala eta, zarauztarrei Gorettiren talentua ezagutzeko aukerea emon nahi deutsegu Musikaldiko azken kontzertu honegaz.

Goretti Eizaguirre 26 urteko soprano zarauztarrak zortzi urtegaz ekin eutson karrera musikalari Zarauzko Bilaun akademian. 2015etik aurrera, teknika bokala lantzen ibili da, Naroa Enekotegigaz. Musika ikasketak, besteak beste, Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga musika ikastegian, Donostiako Orfeoian, M.A. Laborategian eta Madrilgo Katarina Gurska Goi Mailako Musika-Zentroan egin ditu.

Itziar Barredo pianoan dauela, Giulio Caccini, Tommaso Giordani, Vincenzo Bellini, Aita Donostia, José María Iparragirre, Pablo Sorozábal, Wolfgang Amadeus Mozart, eta Jacinto Guerreroren obrak kantauko ditu.

Sarrerak Modelo Aretoan

Aurtengo Udako Musikaldiak barrikuntzea dakar sarreren salmenteari jagokonez. Aurreko edizinoetan, persona asko, gonbidapenak jaso eta gero, ez ziran ekitaldietara agertzen, holan kontzertua ikusi nahi daben personei sarrerea galarazoz. Aurten, egoera horri aurre egiteko eta kontzertuen mailea errespetetako, Musikaldiko kontzertuetara joan ahal izateko sarrerea erosi beharko da. Sarrerak 4 euroan jarriko dira salgai Modelo Aretoan, bere ohiko ordutegian, garagarrilaren 25etik 31ra eta Kutxaren sarrera plataforman. Garagarrilaren 25etik aurrera hasiko da sarrera salmentea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu