Enkarterrietako Museoak 90 urte beteko ditu barikuan

Bizkaie! 2024-07-23 09:59   Kulturea

Abellanedako kulturgunea 1934ko garagarrilaren 26an inaugurau eben.


Abellanedako Batzar Etxean dagoan eta Euskadiko zaharrenetakoa dan museoak arkitektura arloko barrikuntza handi bi izan ditu epealdi horretan: bata, 1968an; eta bestea orain 30 urte, 1994an. Orain dala hiru hamarkada azkenekoz barriztau ebenetik Museoak aldi baterako 80 erakusketa inguru hartu ditu, ia 60 ikerketa-liburu argitaratu eta bere artxiboek 900 pieza baino gehiagoko ondare-funtsa dabe gaur egun. Antxinako dokumentazinoko 5.000 orrialde baino gehiago eskaneau dira museoaren webgunean erakusteko.

Enkarterrietako Museoak 90 urte beteko ditu bariku honetan, Abellanedako Batzar Etxean dagoan kulturgunea jentearentzat 1934ko garagarrilaren 26an zabaldu zan-eta. Zalla eta Sopuerta artean dagoan museoa Euskal Herriko zaharrenetakoa da. Haren ibilbidea gorabeheraz beteta egon da, Gerra Zibilak eta geroko gerraoste gogorrak eta bere bilakaeran aldaketa sakonak ekarri zituen erreforma handi biek –1968an eta 1994an– baldintzatuta.

Antxinako Batzar Etxean museo bat eregiteko asmoa XX. mendearen hasieran sortu zan, Foru Aldundiak antxina Enkarterriko ordezkariak alkartzen ziran leku historikoa balioan jartea erabagi ebanean. Helburua batzarraren egoitzea museo txiki izateko egokitzea zan, eskualdeko kultur ondarea erakusteko. Zaharbarritze-lanak Diego de Basterra arkitektoaren esku itxi ziran eta Errenazimentuko eraikin zaharra erabarritzeaz gan, eraikin zaharrean auzoko eskola bat eta beste pisu bat eregi zituan. Hainbat urtetako lanen ostean, obrak 1932an amaitu ziran, baina Enkarterrietako Museoa ez zan urte bi aurrragora arte edegi (1934ko garagarrilaren 26an) Kultur etxeko Sinadura Liburuan idatz-oharren bidez baieztu ahal izan dan lez. Urte horreetan, modu ofizialean edegi zan arte, museoaren zuzendaritzea edukiz horniduteaz arduratu zan. Holan, parrokoek, politikariek eta eskualdeko personaia ospetsuek ekarritako hainbat lekutako ondare-balio handiko piezak jaso ziran.

Gerra Zibilak (1936-1939) eta gerraoste gogorrak eragozpen handiak eragin zituan kulturgunean. Egoera hori ikusita, Aldundiak barriro esku hartu eban gai horretan eta 1942an hamarkada bi baino gehiago iraun eta monumentu-moltsoa sakon aldatuko eban beste erreforma bat egiteko eskatu eutsan Eugenio de Aguinaga arkitektoari. Epealdi horretan, museoaren jarduerak lanakaz batera jarraitu eban. Instalazino barriak 1968ko maiatzaren 11n amaitu ziran eta izen barriagaz edegi ziran barriro: Abellanedako Batzar Etxearen Museoa.

Eugenio de Aguinagaren jardun arkitektonikoa oso sakona izan zan. Diego de Basterrak gehitutako altxaerea kendu eta almenez errematautako pisu handiagoa egin eban haren ordez. Holan, Erdi Aroko erispideak jarraitu zituan. Holan, eraikinak jatorriz Etxeak ez eban eta orain ikusi daiteken torre-estiloa eta espiritua hartu zituan. Modu berean, erispide neoerrenazentistei jarraituz hainbat leihate edegi eta Batzar Etxea eta Korrejidorearen Etxea lotzeko galeria urtena gehitu eban. Eraikin bien barruan jardun eban batez be. Holan, egurrezko barruko egiturea diseinau eban, hainbat areto sortu eta antxinako Batzar Etxeak izandako errege-kartzelea eregi eban.

Diktadurea amaitu eta gero, Batzar Nagusiak berrezarri ziran Euskal Herrian, egitura instituzional modernoaren eraketeari hasierea emonez. Bizkaiko Batzar Nagusien kasuan, garrantzia historikoagaitik, egoitza tradizionalak –Gernika, Gerediaga eta Abellaneda– Bizkaiko Batzar Nagusien esku geratzea erabagi zan, Bilboko Excelsior Hotel izandakoan egoitza nagusi modernoagoa gehituz.

Abellanedako Batzar Etxearen kasuan, Eugenio de Aguinagak diseinautako Museoa birmoldatzea erabagi zan etxe-museo lez egin zalako eta ez ebalako jarduerarik egiteko aukerarik emoten. Orduan, eraikin modernoa diseinetea erabagi zan, holango erakunde bati jagokozan jarduera guztiak hartu ahal izateko: ikerketea, erakusketak, ondarea erosi eta zaharbarritzea, jarduera pedagogikoak...

1989an, Javier Muñoz arkitektoari eraikina osorik erabarritzea eskatu jakon, Josu Urrolabeitia eta Susana Menoyogaz batera, Etxearen barrukalde osoa eraitsita –dana 50eko eta 60ko hamarkadetako obrea zala kontuan hartuta–: hainbat pisu eregitea, Museoko aretoak hartzeko; bloke moderno barri bat eregitea aurrekaldean eta Korrejidorearen Etxearen azpian areto-antzoki bat eregitea; Etxea bulego eta Batzar Areto bihurtzea; eta beste hainbat jarduketa egitea. Aurrekaldean lorategi bat diseinau zan eta aparkalekua be egin eben. Barrukaldean, ondare pieza, maketa eta beste elementu batzuen bitartez historiaurretik XIX. mendera arteko Enkarterriren historia erakusten eban erakusketa iraunkorra diseinau zan. Obra arkitektonikoa eta museografikoa 1994an amaitu eta gaur egun ezagutzen dogun museoa urte horretako urriaren 26an inaugurau zan, lehengo izena berreskuratuta: Enkarterrietako Museoa.

Azken aldiz edegi eta lehenengo urtean, hau da, orain dala 30 urte, Museoak 18.000 bisitari inguru izan zituan eta une horretatik aurrera kopurua egonkortu egin da, 15.000 bisitari inguru urtean. Museoak, beraz, 450.000 bisitari inguru jaso ditu azken hiru hamarkadetan eta horreei 1934tik 1994ra bitartean jasotako bisitari guztiak gehitu behar jakez, gaur egun zenbatu ezin diran arren.

Momentu horretatik gaur arte, Museoak hainbat arlotan egin dauen lana kontzeptualizau dau: ikerketea, historiaren azterketea, antropologia, artea, eskualdeko ondarea eta ahozko memoria, argitalpenak, erakusketak, programa pedagogikoa, ondarea erostea eta zaharbarritzea, hainbat kultur jarduera, lankidetzea Enkarterriko kultura, gizarte eta hezkuntza sareagaz eta sustapen, zabalkunde eta turismo lanak.

Holan, hasierako loturetatik libre, 1994tik Enkarterrietako Museoak aldi baterako 80 erakusketa inguru atondu, berrogeta hamar liburu inguru argitaratu eta jarduera eta tailer ugari dituan proiektu pedagogikoa garatu dau, museoaren bilduman sartu diran ondare-piezak erosi eta zaharbarritu ditu, artxibo dokumental txiki bat sortu dau (museoaren webguneak antxinako dokumentazinotik eskaneautako 5.000 orrialde baino gehiago konsultetako aukerea emoten dau) edo hainbat jarduera egin ditu.

Museoaren gaur egungo ezaugarrietako bat da Enkarterrietako museoak presentzia izan dauela bere lau hormetatik kanpo. Daborduko ez dau bere lana barrukaldera mugatzen, eskualdea bere jardueretan integrau dau kultur ibilbideen, ondare-bisitaldien, ikastetxeetako jarduera pedagogikoen, ondare monumentala berreskuratzeko lankidetzearen, udal eta alkarteakazko alkarlanaren eta bestelakoen bidez. Urteurrenaren harira, museoak 1935ean banatu eban lehen liburuxka turistikoa argitaratu dau barriro. Jatorrizkoa Nicolás Martínez Ortiz de Zarate artista bilbotarrak egin eban. Diseinu eguneratuak Jon Mikel Bañales marrazkilari gaztearen irudi barria dau.

Museoaren jatorria

Enkarterrietako Museoaren garapena ezin da bere ingurune monumentala kontuan hartu barik azaldu. Abellanedako Batzar Etxearen lehenengo erreferentzia dokumentala oso zaharra da, 1394koa, Erdi Arokoa. Ganera, data hori ez da Batzarren hasierako puntu lez hartu behar, aitamenak aldez aurretik be egiten zirala aditzera emoten daualako. Ez litzateke harritzekoa izango XIII. mendera joatea, Haro familia Bizkaia modernoa izango zana eratzen ebilen garaira, hain zuzen be.

Bilerak, jatorriz, Abellanedako zelaietako haretx baten ondoan egiten zirala uste da, baina 1495ean Batzar Nagusien berregituraketa modernoaren ondorioz –Enkarterriko kontzeju bakotxeko ordezkari baten parte-hartzea eban bilereak–, lehenengo Batzar Etxea eregi eben laster txiki geratuko bazan be.

Azkenik, 1590ean, gaur egungo Batzar Etxea eregiteko lanak hasi ziran eta 1635ean armarri handi bat jarriz errematautzat jo zan, erabilten urte asko eroiazan arren. Mendeetan zehar, Enkarterriko batzarkideak aldian behin batu ziran Etxean eta XVIII. mendea oso nahasia izan zan arren –zenbait kontzeju Batzarrak bertan behera itxi eta barriro horreetara bueltauta–, Batzarrek 1801era arte iraun eben bizirik. Baina urte horretatik aurrera Enkarterriko kontzejuak Bizkaiko Batzar Nagusietan guztiz integrau ziranean, Etxea bilerak egiteko leku lez erabilteari itxi jakon behin betiko eta etenbako gainbeheran sartu zan.

XIX. mendearen amaierarako Etxea hondatuta eta jausteko arriskuan egoan. Hori dala eta, 1901ean Bizkaiko Foru Aldundiak zaharbarritze osoa eskatu eutsan Antonio de Carvelaris arkitektoari eta ha jatorrizko irudiari eusten saiatu zan, XVI. mendean emon jakon etxetzar errenazentista formea errespetauta. Hamarkada batzuk geroago eraikina museo-proiektura bideratzeko idea gauzatu zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu