Dobako autobus-zerbitzua Gorbeiara joateko
2025-07-29 12:25 KultureaSan Inazino egunean, garagarrilaren 31an.

Bizkaiko Foru Aldundiak Areatza eta Pagomakurreren arteko dobako autobus-zerbitzua eskainiko dau, aurton be, garagarrilaren 31n, San Inazioren jaieguna dala-eta. Horren helburua da Arratia eta Nerbioi eskualdeetako ohitureari jarraituz Gorbeiara hurreratuko diranei joan-etorria erraztea eta, era berean, Gorbeiako Parkearen ingurune naturalaren babesa bermatzea, Natura 2000 Sareko Kontserbazino Bereziko Eremua (KBE) da-eta.
Autobusak Areatzatik ekingo deutso ibilbideari 06:00etan eta hainbat aldiz egingo dau joan-etorriko ibilbidea egun osoan zehar, 19:00rak arte. Ordu horretan azken zerbitzuak urtengo dau Pagomakurretik. Joan-etorriak 20 minutuan behin izango dira.
Betiko lez, garagarrilaren 31n egun osoan galarazota egongo da ibilgailu pribatu bidez sartzea: bisitarientzat, lursailen jaubeentzat, abeltzainentzat, baita mendian dagozan babeslekuen erabiltzaileentzat be. Era berean, debekatuta egongo da bizikletak eta zaldiak foru-autobusak erabiliko dauen zirkuitutik ibiltea, zerbitzuaren segurtasuna eta arintasuna bermatzeko.
Gainera, Areatzako Udalagaz lankidetzan, dobako zazpi aparkaleku jarri dira, autoz bertara joango diranentzat. Aparketako guneak ondoko honeek izango dira:
- Arratiano aparkalekua.
- Guardamino aparkalekua.
- S3 aparkalekua.
- Karpo aparkalekua.
- Bolivar aparkalekua.
- Eskola aparkalekua.
- Astondoa pirotenkiaren aparkalekua.
Parke Naturalean jente asko batzeak eragin leiken ingurumen-inpaktua murrizteko, Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazoten dau debekatuta dagoala garagarrilaren 27, 28, 29, 30 eta 31n ingurune natural osoan kanpaldia egin eta gaua pasetea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!