Boise State Universitygaz alkarlanerako akordioa sinatuko dau EHUk

Bizkaie! 2025-07-29 10:20   Kulturea

Nazinoartekotzean dimensino berezia zabaltzea da asmoa.

Nazinoartekotzea sustatzeko urrats estrategikoa egingo dau Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU) Boise State Universitygaz (BSU) eta bost urtean behin ospatzen dan Jaialdiaren testuingurua erabiliko dau abiapuntua jarteko. Holan, EHUren ordezkaritza zabala izango da Boisen: Joxerramon Bengoetxea errektorea, Gotzone Barandika Transferentzia eta Nazinoartekotze errektoreordea, Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazinoko errektoreordea, Iñaki Goirizelaia errektore ohia eta injinerutza arloko sei irakasle-ikertzaile.

Bisita horretan, Elkar Ulertze Memorandum bat (MOU) sinatuko dabe EHUren errektore Joxerramon Bengoetxeak eta BSUn funtzinoetan dagoan errektore Jeremiah Shinnek. Akordio markoa ezaugarrituko dauen Itsas-Gaindiko Campusaren proiektua aurkeztuko dabe hilaren 30ean eguerdiko 12:00etan (AEBetako Idahoko ordua, hemen baino 8 ordu gitxiago). Prentsaurreko horretan emongo ditue ezagutzera lankidetzearen ezaugarriak.

Hilaren 30ean, BSUko eta EHUko injinerutza arloko irakasle-ikertzaileen goiz osoko topaketea egingo da; helburu izango dau injinerutzearen, zientziaren eta teknologiaren jakintza arloen inguruan kolaborazino akademikorako oinarriak lantzea eta horretarako sarea ehuntzen hastea. Egun berean, Euskal Herriko eta Boiseko erakunde eta enpresetako ordezkariak batuko dituan Reception dalako hitzordua atondu dau BSUk. Hitzordu horreetan guztietan parte hartuko dau EHUren ordezkaritzeak. Era berean, errektoreak eta errektoreorde biek beste zenbait bilera atontzek erabiliko dabe bisitea.

Mugaz Gaindiko Campusa eredu

Bordeleko Unibersidadearekin konpartidutako Mugaz Gaindiko Campusak hamar urte bete ditu igaz. Itsas-Gaindiko Campusa sortzeko orduan, eredu izango dau unibersidadeak lankidetza eredu hori. Hain zuzen, oraintsu batu dira Bordeleko Unibersidadeko eta EHUko errektoretza taldeak. Hartu-emonen egonkortasuna eta arrakastea berretsi eta aztertu ditue alkarbanatuko erronkak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu