Ondarroan amaituko da 'Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz' erakusketearen ibilbidea

Bizkaie! 2025-07-28 12:04   Kulturea

Erakusketa ibiltaria garagarrilaren 30ean amaituko da.





Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz
erakusketa ibiltaria da. Daborduko hiru edizino izan ditu eta aurtongoa apirilean hasi zan, barriro be Bizkaiko parlamentuaren balio historiko, politiko, sozial eta kulturalen barri emon guran. Batzar Nagusiak lurraldearen gorabehera nagusien protagonista eta lekuko izan dira XIV. mendetik hona. Izan be, Europako sistema parlamentarioen artean, Bizkaikoa lehenengoetakotzat joten da. Bagilean Amorebieta-Etxanon egon zan erakusteketea eta, azkenik, Ondarroan amaituko da hirugarren edizino honetako ibilbidea. Garagarrilean zehar, eguazten honetara arte, garagarrilaren 30era arte egongo da bertan.

Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz, formatu handiko 9 panel dituan 3 erakusketa-euskarri handik osotzen dabe. Panel horreetan Batzar Nagusiak erakunde parlamentario lez daben eskumen-egitura zabala azaltzen da, baita bere egoitzetan dagoan kultur ondare aberatsa be. Erakusketan ibilbide xumea eskaintzen da Batzar Nagusien lau egoitzetan zehar (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga). Egoitza guztiok erabilten dira, baina erakusketan zehaztasun gehiago emoten da Gernikako Batzar Etxearen ganean. Erakundearen egoitza nagusia dalako eta bertan dagoalako, besteak beste, Gernikako Arbolea, demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloa. Erakusketan, era berean, ezagutzera emoten da, esaterako, erakundeak gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren alde edo sendo errotuta dagozan herri tradizinoak berreskuratzearen alde egiten dauen lana, adibidez, Deiadar Mendien Egunarena, ekitaldi hori daborduko tradizino bihurtu da-eta. Horren XX. edizinoa Oiz mendian egin zan bagilaren 8an.

Batzar Nagusiak erakundeko buruak azpimarratu dauenez, ekimena gure lurraldeko erakunde zahar eta enblematikoenetako bat herritarrei hurreratzeko helburuagaz sortu da, erakundearen balio politiko, sozial eta kulturala zabalduz. Otaduik azpimarratu dauenez, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundean hartzen diran erabagiek eragin zuzena dabe herritarrakaz eta hori ederto daki Ondarroak, antxinako Batzar Nagusietan egozan 119 jarlekuen artean, 83 zenbakidunaren jaube zalako, berba egiteko eta botoa emoteko eskubideakaz. Baina erakusketea ez da erakundeak politikearen aldetik dauen garrantzian geratzen. Otaduik ganeratu dauenez, Batzar Nagusiek gordetan daben ondare kultural aberatsa be erakusten dau, lau egoitza ofizial dira-eta, XXI. mendeko parlamentu baten egitekoak gauzatzen dira, aldaketetara egokiturik eta herritarrak ordezkatuz, etenbako komunikazinoan.

Bizkaiko Batzar Nagusiak tradizino historiko handikoak dira eta tradizino horren jatorria Erdi Aroa baino lehenagokoa da, Gernikako Batzar Etxea eregi baino askoz be arinagokoa. Askotan ezusteanan pasetan jake herritarrei Bizkaiko Batzar Nagusiak Europako sistema parlamentarioen artean lehenengoetarikoak dirala. Hori dala-eta, Batzar Nagusiak erakundeko nuruak erakundea barriro bere lau egoitzetatik ataratea eta Bizkaian zehar ibiltea erabagi dau, modu grafikoan eta eszenaratze barri baten bitartez erakusteko ze aberatsa dan erakundearen balio historikoa eta zenbateko garrantzia daben bertan hartzen diran erabagiak, Batzar Nagusiak Lurralde Historikoko herritarren ordezkaritzearen eta parte-hartzearen organu gorena dira-eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu