10.000 bisitari baino gehiago

Bizkaie! 2025-07-28 07:50   Kulturea

Lehen mailako teknologia eta prestakuntza-eskaintzea 33. Euskal Encounterren.







33. Euskal Encounterreko atontzaieak pozarren dagoz helburu guztiak bete diralako. Estaduko LAN party handiena Europako podioan be badago, zale gehien erakarten dituan hitzorduen artean baitago. Nabarmentzekoa da aurtengo 5000 parte-hartzaileen inplikazino handia, baita Openguneak, publikoarentzat zabalik dagoan eremuak, izandako erantzun buikaina: 10.000tik gora bisitari hartu ditu, puntako prestakuntza-eskaintzak eta stand teknologikoek erakarrita.

200 jarduera baino gehiago izan dira lau egunetan eta hitzaldi eta tailerretako parte-hartze marka altuenetarikoa lortu da aurten. Duda barik, komunidade digital eta teknologikoaren erreferentziazko topagunea da Euskal Encounter. Berbaldi eta lehiaketen erdigunean egon da adimen artifiziala eta teknologia horren aukerak izan ditue aztergai hezkuntzearen, ikerketearen, osasunaren eta kultura digitalaren arloetan, baita aurrez aurre jarritako dilema etikoak be.

Bideojokoek gizartea eraldatzeko tresna lez daben ahalmena be berbagai izan dabe adituek eta teknologia-munduak eskaintzen dituan enplegu-aukeren inguruan informetako berbaldi eta tailerrak be gauzatu dira, besteak beste.

Arreta berezia piztu dau Médicos del Mundo erakundeak ziberindarkeriei buruz emondako saioak, edade txikikoek eta gazteek sare sozialetan dituen arriskuei buruz ohartarazo baitau. Aurten, berbaldien eta tailerren gunea hausnarketarako eta ikaskuntzarako espazioa izan da eta topaketa honen jarrerea agirian itxi dau: heziketea eta eraldaketea sustatzea, hain zuzen be.

Javier Gómez-Arruek, Euskal Encounterren atontzaile nagusiak azpimarratu dauenez, ekitaldiak komunidadea sortzeko, ezagutzak konpartidu eta talentua bultzatzeko konpromisoa barritzen du urtero: teknologia eta sormena bateratzen dituan espazioa izaten jarraitu nahi dogu, gizarte-eragin positiboa sortzeko, etorkizunaren ikuspegia kontuan hartuz; hasierako helburu guztiak bete dira, ekitaldia erreferentziazko hitzordu teknologikoa da profesionalentzat, ikasleentzat eta barrikuntzan interesa daben personentzat. Gómez-Arruek boluntarioen oinarrizko lana eskertu dau. 70 personaren inplikazinoari esker, topaketeak kalidade eta profesionaltasun handiko emoitzak lortu dituala jakinarazo dau.

Hobetzeko bokazinoa

Egunotan egindako lehiaketen sari-banaketen ondoren amaitu da bilkurea. Sormen digitala, hardwarea, software librea, aisialdiko jarduerak, streaminga eta bideojokoak izan dira LAN partyko jarduera-arloak. Eta nabarmentzekoa da adiskidetasuna nagusi izan dala Euskal Encounterren. Lehiaketen ostean, batez be proba teknologikoenetan, partaideak euren estrategiak komentau eta esperientziak trukatzeko alkartu dira.

Azkenik, Javier Gómez-Arruek iragarri dau, edizio honen arrakastearen ondoren, hurrengo urtean dabela orain gogoan, baita gogobetetze-inkesten emoitzetan proponidutakoa aztertzeko be. Datorren hitzordua 2026ko garagarrilare 23tik 26era izango dala adierazo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu