Gastronomiazale amorratuentzat ikasturte barria Basque Culinary Centerren

Bizkaie! 2024-07-22 12:34   Jan edanak

Zabalik dago izena emoteko epea.

Sukaldaritza asko gustetan jakenentzat, produkturik onenak aukeratuz edo ospakizun berezi baterako errezeta aproposa bilatuz gozetan dabenentzat edo sukaldaritza teknikak egunerokotasunean apliketako menperatu nahiko leukezanentzat, Basque Culinary Centerrek Sukaldaritza Aurreratuko Ikastaro barri bat jarri dau eskura, BCC Culinary Club gastronomiazaleentzako gunearen bidez.Sukaldaritza eta kultura gastronomikoa gero eta gehiago dira herritarren zaletasun handienetako bat. Horregaitik, Basque Culinary Centerreko Gastronomia Zientzien Fakultadeak, metodologia barritzaile baten bidez, ingurune parebako batean kozinetan ikasteko aukerea eskaintzen dau, ikuspegi globaletik sukaldaritza profesionaleko teknikak hobetzearen bidez.

Zabalik dago 2025eko urtarrilaren 10ean hasiko dan ikastaroan izena emoteko epea eta ez da beharrezkoa aldez aurretik sukaldaritzako ezagutzak izatea ikastaroa egiteko. Nahikoa da sukaldaritzea gogoko izatea. Ikastaroak 16 plaza eskainiko ditu gehienez eta hiru hilabetekoa izango da. Zazpi saio presentzial izango ditu (barikuetan, 17:30etik 21:00etara eta zapatuetan, 9:00etatik 13:30era) eta onlineko sei eskola, ordu eta erdikoak (eguaztenetan, 18:30etik 20:00etara).

Parte-hartzaile guztiek errezeta tradizionalak eta momentu berezietarako errezetak egiten ikasiko dabe, izan be, besteak beste, janari-edariak buztartzeari buruzko ezagutzak, elikagaien konserbazinoari edo nutrizino-onurei buruzko aparteko trebakuntza saioak eta garaian garaiko produktuen garrantziari buruzko saioak jasoko ditue eta platerak modu sortzailean aurkezten edo dekoretan be ikasiko dabe. Duda barik, gastronomiako azken jokerak ezagutuko ditue, “learning by doing” (eginez ikasi) metodologia erabiliko daben profesionalen aholkuei esker.

Ikastaro hau Basque Culinary Centerrek gazte nahiz helduentzat eskaintzen dituan ganerako jarduerei gehituko jake. Adibidez, 2024ko udagoienerako, ikastaroak, tailerrak eta mintegiak atondu dira edade guztietako parte-hartzaileek janaria kozinetan gozau deien Gastronomia Zientzien Fakultadeko instalazinoetan, besteak beste, arrozak kozinetan, parrillea erabilten eta pintxoak, amonaren errezetak eta nazinoarteko sukaldaritzako platerak prestetan ikasiko dabe eta Euskal Herriko plateren benetako zaporea ezagutzeko abagunea be izango dabe.

Informazino gehiago eta izena emoteko sakatu hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu