Itziar Laka katedradun bizkaitarrak eta Maite Aizpurua eta Garazi Navas gazteek jaso ditue sariak

Bizkaie! 2024-07-22 07:40   Euskerea berbagai

Ikerketa linguistikoa eta sorkuntza artistikoa, 2024ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sarien protagonistak.

Bilboko Azkuna Zentroan izan da gaur Eusko Ikaskuntza – Laboral Kutxa Sariak emoteko ekitaldia. Sariak 1995etik Humanidadeak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzietako curriculum onenak autortzen ditu eta 2019tik aurrera gazteek aurkeztutako sorkuntza edo ikerketa-proiektuak be bai.

Izaro Iraeta kazetariak gidatu dau ekitaldia erakunde zein kultura, hezkuntza eta gizarte esparruetako ordezkaritza zabal baten aurrean. Noemi Santisteban Dantzertiko zuzendariak irakurri dau Gazte Sariaren epaimahaiaren aktea; Jon Altuna Mondragon Unibersidadeko errektoreorde akademikoak, barriz, Itziar Laka Mugarzaren aldeko epaimahaiaren erabagi arrazoitua jakinarazo dau.



Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek, Adarbakarra eta soinujolea proiektu artistikoaren egileek, saria eskertu eta ardurea agertu dabe kultureak bizi dauen egoera prekarioagaitik. Laboral Kutxako Presidente Adolfo Plazak berretsi egin dau erakundeak sariari emondako babes osoa eta eskerrak emon deutsee erakundeei eta hori posible egin daben personei. Hain zuzen be, sariaren hogeita hamargarren edizinoa dauen honetan eskaini dau hitzaldia lehenengoz saria emoteko ekitaldi batean. Holan, Itziar Lakari buruz, persona edegia, ekintzailea, kolaboratzailea eta gure hizkuntzearen etorkizunagaz konprometidua dala nabarmendu dau Plazak eta, aldi berean, erreferente handia dala mundu mailako ikertzaile profesionalentzat eta, euskal gazteentzat.

Bestalde, Adolfo Plazak Gazte Saria jaso daben emakumeen prestakuntza zabala azpimarrau eta etorkizun oparoa izango dabela iragarri deutse, autortza hori euren karreretarako pizgarri izateko desioa agertzeagaz bat.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako buruak Itziar Laka sarituaren idea bi aitatuz hasi da: berbak geugaz jaioten dira eta hizkuntzea oraindik argitu bako misterioz betetako fakultadea da, orain lau hamarkada ikertzen hasi zan misterioaz. Era berean, Ana Urkizak Euskal Herriko Unibersidadeko katedradunaren ibilbidea eta izakerea laburbatu ditu gainditutako bost erronken bidez: bide barrietatik ibiltea, lanari beste era batera heltzea, bere herrialdera itzultzea kanpoan hasitako lanari jarraipena emoteko, proiektu barritzaile baten inguruan ikerketa talde bat osotu eta horri eustea eta ahalegin horren guztiaren emoitza norberarena dala autortzea. Holan, Itziar Lakari zuzendu jako eta saria autorpen personal eta berezi lez onartzeko eskatu deutso.

Gazte Sariari jagokonez, Eusko Ikaskuntzako buruak holan definidu dau proposamen irabazlea: 2019tik saria emotera animetan dauen espirituagaz guztiz bat datorren proiektua. Proposamen horrek gure orainaren errealidade konplexuari buruzko hausnarketarako ateak zabaldu nahi ditu, garaikidetasunetik, eta begirada barriak plazaratu nahi ditu.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2024 Saria CV nabarmenari emoten deutson diplomea eskuan ebala, Itziar Lakak esker oneko berben artean, leku berezia izan dabe berak zuzentzen dauen Gogo Elebiduna ikerketa taldeko kideak: gure gizartean euskerearen, hizkuntzearen eta elebitasunaren ikerketeak estrategikoa izan behar dauela aldarrikatu eta unibersidadeak daukan erabateko garrantzia azpimarratu dau, unibersidadearen asmoa ezagutzea sortzea etazabaltzea dalako, herritarren jakintza eten barik eguneratuz.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak amaierea emon deutse ekitaldiari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu