Guggenheim Bilbao Museoak 2024ko udagoienerako Art & Music zikloa aurkeztu dau

Bizkaie! 2024-07-19 13:11   Musikea

Programeak abangoardiako proposamenak ekarriko ditu Atriora, Kutxabankek babestuta.

Rita Payések hasierea emongo deutso programari urriaren 26an, zapatuan; zemendiaren 23an, zapatuan, RY Xen txandea izango da eta abenduaren 1ean, domekan, MARO abeslariak zarratuko dau zikloa.

Art & Music programeak aukerea emoten deutse kontzertuetara bertaratzen diranei erakusketak lasai bisitetako, 20:30etik aurrera, kontzertuak 22:00etan hasi baino lehen. Atrioan bertan taberna-zerbitzua egongo da (konsumizinoak ez dira sarrerearen prezioan sartzen).

Udagoieko Zikloa

Rita Payés (urriak 26)

Musikarien alabea, Sant Andreu Jazz Bandeko talentu emergenteetako bat da. Bertatik ataratakoak dira jazz eszenako etorkizun handiko musikari gazte batzuk, tartean Andrea Motis, Èlia Bastida eta Magalí Datzira. 2021ean kaleratu eban Peyések lehen bakarkako lana, Como la piel eta horri esker nazinoarteko proiekzinoa lortu eban. Lan horretan jazza boleroagaz, bossa nova, musika klasikoa eta herrikoiagaz buztartu eban. Abestien artean, Algo contigo izenburukoak 52 miloe erreprodukzino izan ditu Spotifyn eta Nunca vas a comprender izenekoak 7 miloe inguru YouTuben, hilean 1,3 miloe entzule baino gehiagogaz.

Payés hirugarren albuma, De Camino al Camino, egunerokotasunean edertasunean sartzen da eta gure sustraiakaz bat egiten dau. Album horreek hainbat estilo eta eragin buztartzen ditu gai bateratzaile bategaz: bidea. Proposamen artistiko sendoan oinarrituta eta talentu ezagunen laguntzeagaz emozinoak, maisutasuna eta sustraiakazko loturea bikaintasunez buztartzen dituan bidaia musikal horretara batzeko animetan dau publikoa.

Sarrerak hemen.

RY X (zemendiak 23)

Grammy sarietara izentautako abeslaria, konpositorea eta produktorea da. Eten barik dabil konexinoaren bila, natureagaz, espirituagaz eta giza-esperientziagaz. Holan espresinoa eta ahultasuna dagoz bere lanaren muinean. Mundu osoan zehar egin ditu birak eta planetako leku ikonikoenetako batzuetan emon ditu kontzertuak, besteak beste, LA Philharmonic eta London Philharmonic orkestrakaz kolaborau dau eta, horrezaz gan, hainbat artistarentzat produzidu eta idatzi dau: Drake, EreO, Black Coffee eta John Legend artistentzat, esaterako.

Mila miloe erreprodukzino baino gehiago ditu streaming plataformetan eta platinozko eta urrezko hainbat disko lortu ditue bere grabazinoek. Bestetik, Bakearen Nobel Sariaren ekitaldian eta Notre Dame lako lekuetan egoteko gonbidau izan dabe. Haren lana multifazetikoa da, erabat emozionala, eta azken batean gizaki izateak esan nahi dauena islatzea dau helburu; izakiak dituan esperientzia somatiko eta emozionalen sorta zabala barrubatuz. RY X-k bihotza lehen planoan dauela lantzen ditu adierazpide artistiko guztiak.

Sarrerak hemen.

Maro (abenduak 1)

Mariana Secca artista portugaldarraren izen profesionala da Maro. Lau urte zituala hasi zituan piano klasikoko ikasketak. Bere lehen abestia 11 urtegaz idatzi eban eta 12 urtegaz gitarrea joten ikasi eban berak bakarrik. 20 urte zituala, eskaerea aurkeztu eta Bostongo Berklee College of Music-en onartu eben. Han, beste artista batzuekaz hartu-emonetan jarri zan, tartean Jacob Collierregaz eta Djesse, Vol 2 diskorako kolaborau eban beragaz.

2018an hainbat proiektu kaleratu zituan: Maro izenagaz kaleratu eban 22 pistako bere debut-lana hiru albumetan; Maro & Manel albuma Manuel Rochagaz eta It 's OK, bederatzi folk abesti elektroakustikoren bilduma solista legez, ingelesez, Quincy Jones produktore mitikoagaz management kontratu bat sinatu ondoren. Marok, Jacob Collierregaz batera, Europan, Ipar eta Hego Amerikan, Asian eta Australian biran igaro eban 2019. urtea eta 2023an Hortelã kaleratu eban, Sonyk banatutako bere lehen albuma. Gainera, urte berean Sílvia Pérez Cruz eta Rita Payésegaz kolaborau eban Estrelas e Raiz abestian.

Sarrerak hemen.

Sarrereak 27,5 euro balio dau Museoaren Lagunentzat eta 30,8 euro gainontzekoentzat. 

Art & Music zikloak jarraipena izango dau 2025eko udabarrian. Kontzertuak Atrioan izango dira eta Museoak laster emango dau horreen barri.

Musika-programatzailea: Last Tour.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu