Labayruk eta Euskaltzaindiak bost urterako lankidetzea sinatu dabe
2024-07-19 12:44 Euskerea berbagaiLankidetza-proiektu zehatzak bideratu eta garatuko ditue.
Labayru Fundazinoak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Akademiaren egoitzan. Hitzarmenaren eskutik, ondorengo bost urteetan erakundeek lankidetza-proiektu zehatzak bideratu eta garatuko ditue, euskerearen eta euskal kulturearen inguruko irakaskuntzea, ikerketea eta pedagogiaren eremuan.
Batetik, ondoko argitalpen honeek aurreikusi dira, beti be, diru-baliabideak lortzen diran neurrian:
- Esaera zaharrak (Adolfo Arejita). Adolfo Arejitak esaera ugari aztertu ditu, jatorria, esangurea, erabilerea eta testuinguruaren arabera.
- Faksimila (J. M. Zabala). Juan Mateoren lana faksimil erara argitaratzea aurreikusi da, Adolfo Arejitak ondutako sarrereagaz osotua.
- Euskerazko dotrinak. II. Gipuzkeraz (Jose Maria Rementeria). Rementeriak egindako batze-lana oinarritzat hartuta, lehen Bizkaiko materialakaz egin zan moduko argitalpena atonduko da.
- Urte urdin ihesak nork lekuskez (Angel Ugarteburu). Angel Ugarteburuk memoria nobelatu modura idatzitakoa da.
Bestetik, Labayru Fundazinoaren materiala Euskerearen Erreferentziazko Corpusean egin behar diran azterlanak egiteko erabiliko dau Euskaltzaindiak. Hitzarmenak jasoten dauen moduan, Labayru Fundazinoak 2000tik hona sorturiko euskerazko edukia erabiliko leuke Euskaltzaindiak, egun daukan corpusa aberastuz, besteak beste, Akademiak araugintzearen bilakaerea aztertzeko, beharrak antzemoteko eta Euskaltzaindiaren Hiztegia aberasteko. Corpus horren helburua da Euskaltzaindiaren ahozko eta idatzizko edukiak eta datu-baseak aberastea.
Horrezaz gan, Labayru Fundazinoak eta Euskaltzaindiak alkarri euren irakaskuntza eta ikerketa-ondareak erabilteko aukerea emongo deutse eta, bereziki, euren artxibategi eta bibliotekak erabilteko aukerea. Azkenik, erakunde biak lankidetzan ibiliko dira ikastaroak eta programak sortu eta egin daian, euskareari eta euskal kulturari jagokeen eremuetan. Erakundeak alkarlanean ibiliko dira, euren biblioteketako euskal funtsak sendotzeko.
Euskerearen corpusak gizarteratu
Hitzarmena sinatu ostean, Igone Etxebarria Labayru Fundazinoko zuzendariak gogorarazo dau Labayru Fundazinoak 50 urtean euskerea eta euskal kulturea batzeko eta zabaltzeko egitasmo ugari egin dituala eta emoitza ugari izanez. Hori bai, Etxebarriak argitu nahi zan dau Labayruren helburua ez dala hori guztia gordetea, gizarteratzea baino: guk daukaguna gizartearentzat da eta Euskaltzaindiagaz egindako hitzarmen horren bitartez bide ezin hobea hartuko dau ondare horrek, transmisinoaren bidea hain zuzen be. Danon lana da euskerearen mundua aberastea.
Andres Urrutia euskaltzainburuak autortu dau Euskaltzaindiak eta Labayru Fundazinoak aspaldiko hartu-emonak dituela, izan be, erreferentzia garrantsitsu eta esanguratsu bi dira euskerearen arloan, batez be, Bizkaia aldean. Alkarte biok arduratzen gara euskeraz eta euskal kulturaz. Onuragarria da aspaldiko hitzarmen hori batean jasotea, bat egiten dogulako herriak emon deuskun hizkuntzea eta kulturea herriari bueltetako. Euskereak kolore asko ditu eta horreen barruan Labayru Fundazinoak lantzen dauena, hain zuzen be, Bizkaikoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!