Peña Gancheguiren obrearen berrinterpretazinoa arkitektura ikasleen eskutik

Bizkaie! 2024-07-19 07:55   Kulturea

Peña Ganchegui birmarraztuta erakusketea irailaren 8ra arte dago zabalik.



Erakusketeak Toledoko Arkitektura Eskolako ikasleek aztertutako arkitekto gipuzkoarraren bederatzi proiektu erakusten ditu eta lanen emoitza grafikoa batzen dau, baita Peña Ganchegui Artxiboaren funtsen aukeraketa bat be, plano, krokis, maketa, argazki, dokumentu eta argitalpenak.

Artxiboak zentroa atondutako lehen erakusketea da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Uri Agenda Sailagaz hitzarmena sinatzeari esker, Euskadiko Arkitektura Institutuak arkitektoaren oinarrizko edukiak hartu daizan.

Euskadiko Arkitektura Institutuak Peña Ganchegui Artxiboaren ‘Peña Ganchegui birmarraztuta’ erakusketa barria hartuko dau irailaren 8ra bitartean.

Aitatu hitzarmenari esker zentroak Luis Peña Ganchegui arkitektoaren edukiak hartzen ditu eta argitalpenen eta erakusketen bidez zabaltzen ditu.

Lehenengo erakusketa honetan Toledoko Arkitektura Eskolako ikasleek egindako zenbait lan dagoz eta arkitekto gipuzkoarraren bederatzi lan aztertu ditue; holan, lan horreen emoitza grafikoa erakusten da, Artxiboaren beraren funtsen
hautaketeagaz kontrajarrita. Hautatutako obrak honako honeek dira: Vista Alegre dorrea (Zarautz, 1958), Olazabal etxebizitzak (Mutriku, 1962), Trinitate plaza (Donostia, 1963), Imanolena etxea (Mutriku, 1964), Asisko San Frantzisko eliza (Gasteiz, 1968), UFGren biltegia (Donostia, 1973), Haizearen Orraziaren plaza (1975), Haurtzaro ikastola (Oiartzun, 1976) eta Foruen plaza (Gasteiz, 1979).

Erakusketea Eskolearen eta Artxiboaren arteko lankidetzearen ondorioz sortu zan, Begoña López eta Emilia Benito irakasleek Instalazinoak II irakasgairako azterketa-kasu legez Euskadin kokatutako arkitektura-lan batzuk aukeratu zituenean, besteak veste, Luis Peña Gancheguiren bederatzi proiektu. Azterketan sakontzeko asmoz, taldea Euskadira joan zan hareek bertatik bertara ezagutzera eta Peña Ganchegui Artxiboa bisitau eban, ikasleei lan bakotxari buruzko informazinoa emoteko.

Landutako ariketearen enuntziatuaren helburua izan zan ikasleek ulertzea instalazinoak proiektu arkitektonikoaren alderdi integrala dirala. Sáenz de Oizak Madrilgo Arkitekturako Goi EskolaTeknikoko Instalazino klaseetan azaldu eban lez, 'eraikina giza gorputz bategaz konparau daiteke, egitura, eraikuntza eta instalazinoak haren hazur eta zainak izanik. Zati horreek estu konektauta egon behar dabe eta bakotxak bere espazio eta leku egokia izan behar dau multzoak behar bezela funtzionau deian', azaldu dau Rocío Peña Ganchegui Artxiboko zuzendariak.

Erakusketeak arkitekto gipuzkoarraren bederatzi lanen inguruan egindako lanen emoitza grafikoa dakar eta artxiboko funtsen aukeraketa bategaz lotzen dau. Artxiboan eta XX. mendearen bigarren erdian eragin handiena izan eban euskal
arkitektoetako bat izan zanaren 75.000 dokumentu baino gehiago dagoz. Beraz, aztertutako obreari buruzko informazino osogarria izateaz gan, Peña Ganchegui Artxiboko materialaren adibide txiki batez gozau ahal izango dabe ikusleek. Lan bakotxean, erabilitako irudikapen-moduek arkitekturea antzemoteko modua baldintzatzen dabela ikusi ahal izango da. Holan, birmarrazteko ariketak guztien irakurketa barri bat eskaintzen dau.

Luis Peña Ganchegui (Oñati, 1926 – Donostia, 2009)

Donostian bizi zan ikasketak Madrilen egin ondoren. Lehenengo lana, Vista Alegre dorrea (Zarautz, 1959), egin ebanetik autortua izan zan eta Trinitate Plazea (Donostia, 1963) eregi ebanean berretsi jakon eta Haizearen Orraziko plazea (Donostia, 1976) eregi ebanean betikotu jakon, horrek bihurtu baitzeban bertako arkitekto ospetsu. Bere obra zabalak –batez be etxebizitza-eraikinak, ekipamendu publikoak eta industriarako eraikinak– arkitektura modernoa Euskal Herriko herri eta urien eta landaren fisonomiara egokitzeko beharrezko printzipioak definitzen ditu.

Euskal Herriko Arkitektura Eskolearen fundatzailea da eta beti buztartu zituan estudioaren buruan egindako jarduera profesionala eta irakaskuntzeari eta arkitekturearen kulturari lotutako bestelako jarduerak. Ibilbidean zehar Luis Peña Gancheguik irabazitako sari eta errekonozimenduen artetik, nabarmendu daitekez: Eusko Jaurlaritzeak 1997an emon eutson Munibe saria; Camuñas Fundazinoak 1999an emon eutson Antonio Camuñas saria; eta Espainiako Arkitektoen Alkargoen Kontseilu Nagusiak 2004an emon eutson Espainiako Arkitekturearen Urrezko Domina.

Luis Peña Ganchegui arkitektura modernoaren eta postmodernoaren maisua izan zan eta Euskadin eta Euskaditik kanpora egindako proiektu enblematikoek eta etxebizitzek osotutako lan polifazetikoa dauen XX. mendeko euskal arkitekto bakarrenetako bat da. 2017tik gabiz haren artxiboagaz lanean belaunaldi barriak balioesteko Euskal Arkitektura Gaztea saritzen dauen eta bere izena daroan sariaren bidez eta orain akordio hori zabaldu dogu Peña Gancheguiren beraren lana erakusteko, adierazo dau Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak.

Peña Ganchegi Artxiboa Santa Teresara eroateak berretsi egiten dau Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzea izateak Gipuzkoarentzat dauen garrantzia, adierazo dau Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamentuko diputaduak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu