Betiko martxan, giro onena Goierrin dago
2024-07-18 08:44 Ibilian-ibilianEzin hutsik egin, irribarrea eta sufrimendua buztartzen dituan probeari.
Ehunimalak beti dagoz geure agendan gorriz markauta. Garagarrila ez da hile onena horretarako, izan be, gauza asko dagoz egiteko: udako saborea eta usaina, laneko zereginak, San Ferminak edo oporrak. Baina, bertaratzean, parte-hartzaileak, atontzaileak, boluntarioak, goierritarrak, familiak eta lagunak ikusten doguz. Benetan, milaka persona dagoz.
Hiru lasterketak proben aurrean ondo sentiduten gara, izan be, pasetan garen herri bakotxean giroa parebakoa da. Aurton be, boluntarioek sekulako arretea eta babesa eskaini deuskue; kontuan izan, 1.700 boluntario zirala! Sinistezina... Lasterketa luzeko 171 kilometroetan, lasterketa ertaineko 90 kilometrotan eta 42 kilometroko lasterketan, horreen babesa eta laguntzinoa sentidu dogu. Urte asko kazetari lanetan egon arren, lau urte daroadaz dorsala jazten, eskualde berezi horretako bazter guztietan kilometroak eginez eta lehia sano polita sustatzen.
Ezin hutsik egin, irribarrea eta sufrimendua buztartzen dituan probeari. Gauean zehar, gorabehera asko dagoz, herrietako beroa eta sargoria sentidu arren, Aralarko hotza be igarten da Txindokiko lepotik Uarrainerantz egiten dogunean. Hori bai, ikusleak beti dagoz han edo hemen animetan.
Hori bai, aurton, aldamenean, Joseba neba maitea izan dot.
Orain eingo deutsagu ibilbideari: Ordiziako kaleak bete-beteta dagoz; diskoteka antzeko baserria dago, musikea eta koloretako argazkiakaz; Zaldibiko kaleak jentez ganezka; Ausa Gazteluko gailurrean kuadrilla itzela animetan; txalaparta eta karpea Txindokiko lepoan; boluntarioen beroa Aralarko Uarrain mendiaren magalean; Etzegarateko kuadrilla gazte bategaz topo egin, kafea edan, arroza jan, erropaz aldatu eta dana daroagula ziurtatuz, aurrera; Oazurtzako argi berezia eta errepidean sartuz, lagunak ikusi; San Adrian aterpearen kutsua, Zegamako tokiak gogoan; Aizkorriko gailurrerako bidea harriz betea; betiko lez, tontorrean dagozanen animoak sentidu; artzainen txaboletan hankak osatu, Andraitzera bidean, azken tontor esanguratsua; barriro be, Oazurtzako karpako boluntarioen betiko babesagaz eta lanagaz disfrutau; Zerain herri berezia da, betiko jentearen beroa igarten dogu; Mutiloako azken anoa-postuaren barruko gorabeherak, izan be, aukera asko dagoz jateko.
Azken 10 km-ak Beasaingo kaleetara heltzeko. Gora eta behera. Ederrak dira, Beasain eta Goierri, asko maite doguz.
Joseba eta biok alkarregaz sartzen gara, eskutik. Laugarren Goierriko Bi Handiak amaituta, baina, aurtengoa, nere nebeagaz, berezia izan da. Beste ames bat beteta. Sufridutea ikastea da, izan be, hori da bidea.
Ehunmilak, jarraitu horren berezi izaten!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!