Buika, Milladoiro eta Esne Beltza, 40. Getxo Folken

Bizkaie! 2024-07-17 08:38   Musikea

Guztira, 13 emonaldi izango dira irailaren 11tik 15era.

Ines Bermejo artista getxotarraren kartela. | Ikusi handiago | Argazki originala

Irailaren 11tik 15era bitartean Getxo Folkek 40 urteko ibilbidea beteko dau eta lau hamarkada horreetan erreferentzia bihurtu da sustraiko soinuen, munduko musiken eta fusinoaren esparruan. Ibilbidea ospatzeko, nazinoarteko artistak batuko dira, esaterako Buika abeslaria, baita estaduko eskarmentu handiko Milladoiro galiziar talde beteranoa be. Horreezaz gan, euskal artista eta talde ugarik jaialdia omenduko dabe.

Guztira, 13 kontzertu hartu ditu Getxo Folk jaialdiak eta, igaz bezela, hiru kokapenetan izango dira agertokiak: Muxikebarrik ordainezko kontzertuak hartuko ditu (20:00) artista nagusien eskutik; Areetako Geltokia plazan goizeko (13:00) eta arratsaldeko (18:00 eta 19:30) emonaldiez disfrutetako aukerea izango da; eta, Ereagako hondartzea izango da gazteentzako kontzertuen eszenatokia barikuan eta zapatuan (22:00).

Ordainezko kontzertuak

Abonu-kontzertuetako hitzordu handienetako bat Buika (1972, Palma de Mallorca) abeslari ekuatoginear-espainiarraren eskutik izango da. Askatasunaren ahotsa edo Musikaren perla beltza lez ezaguna, Buika artista polifazetikoa da. Abeslaria, konpositorea eta olerkaria, mundu osoan goraipatu dabe haren ahots hunkigarriagaitik, musika estilo atipikoagaitik eta letrakaitik. Grammy latino bat irabazteaz gan, besteak beste, Carlos Santana, Path Metheny, Seal edo Chavela Vargas lako artistakaz kolaborau dau eta azken urteotan Operación Triunfo talentu-saioaren epaimahaikide izan da.

Jaialdia hilaren 12an edegiko dau Milladoirok, Santiago de Compostelan sortutako talde sarituak, joan dan mendeko 70eko hamarkadearen amaieratik Galiziako tradizinoaren soinuak mundu zabalera eroan dituanak. Getxora 45. urteurreneko biran sartuta datoz, seikotea osotuz, publikoari arrakasta handiak batzen dituan errepertorioa eskaintzeko.

Hilaren 15ean, 40 urteko ibilbidea ospatzeko, Getxo Folk 40 izeneko ikuskizuna izango da. Kultur Etxeak Juantxo Zeberio musikari eta konposatzaile ezagunari eskatu deutso urteurrenerako euskal folkaren joana, oraina eta geroa atxakia hartuta ikuskizun berezi bat egiteko. Ikuskizun horretan Maddi Oihenart, Olaia Intziarte, Agus Barandiaran (Korrontzi), Juan Mari Beltran, Leturia eta Verde Prato artista eta taldeak batuko dira.

Esne Beltza Ereagan

Irailaren 14an, zapatuan, Esne Beltza talde hernaniarra ibiliko da Ereagako hondartzan. Esne bidea azken diskoa besapean dabela helduko dira Getxora. Lan horren bitartez agur esango deutsee agertokiei, izan be, Agur deneri izeneko azken birea iragarri dabe.

Irailaren 13ko Ereagako kontzertua Estaduko musikari ospetsu batek eskainiko dau.

Ines Bermejo artista getxotarraren kartela

Aurtengo Getxoko jaialdi handi guztietako kartelak bertako artistek sortu ditue. Folk jaialdiaren kasuan, Ines Bermejo (Getxo, 1986) izan da aurtengo kartelaren egilea. Bermejo Arte Ederretan lizentziaduna eta Arte Eszenikoetan eta Ikusizko Kulturean masterduna da. Arteari eta kultureari lotutako ekitaldi eta lehiaketen komisariotzan, zuzendaritzan, atontzaile lanetan eta produkzinoan egiten dau lan. Proposamenak, Folk jaialdiaren urteurren ospakizuna azpimarratu nahi dau, jaialdiaren aniztasuna eta kulturartekotasuna agirian itxiz.

Sarrerak

Getxo Folkeko sarreren eta abonuen salmentea garagarrilaren 22an, astelehenean, hasiko da Kultur Etxeko ohiko saltokietan (Muxikebarri eta Romo Kultur Etxea), baita Kutxabank sarearen bidez be. Ganera, egun horretan bertan, falta diran emonaldien barri emongo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu