Leo Burgesek lehenengo saria irabazi dau 'Entre murmullos y cabello' lanari esker
2024-07-16 13:29 KultureaErtibil itsasargi bat izan da arteen panoraman lau hamarkada baino gehiagotan.
Gaur goizean, Punta Begoñako galerietan, Bizkaiko Arte Bisualen Erakusketa Ibiltaria inaugurau dau Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputaduak, Amaia Agirre Getxoko alkateagaz, Maria Peraita Punta Begoñako zuzendari kudeatzaileagaz eta edizio honetan parte hartu daben artistakaz batera lurraldean bizi eta lan egiten daben 18 sortzaile barriren lanak aurkezten dituana.
Leixuri Arrizabalagak ondokoa nabarmendu dau: Ertibil itsasargi bat izan da arteen panoraman lau hamarkada baino gehiagotan. Erreferente izan da, geure arte garaikiderik barritzaileena erakusteaz gan, kultur adierazpen hori geure lurraldeko bazter guztietara hurreratzen dauena.
Era berean, Amaia Agirre Getxoko Alkateak azpimarrtu dauenez, Getxorentzat oso pozgarria da Ertibil-Bizkaia Ikusizko Arteen Erakusketa Ibiltaria. Punta Begoña galerietan izatea Bizkaian sorkuntza-lana jorratzen daben artista barriei espazio hau zabaltzea gure konpromiso sendoa da. Erakusketa ibiltaria inauguretako Punta Begoña aukeratu izana pozgarriagoa da, izan be, sormenerako, erakusketarako, topaketetarako, konexinorako eta arte nahiz kultura-trukerako espazioak sortzeko helburua baitauka Galeriak berak.
Erakusketeak Bizkaiko egungo arte-panoramearen aniztasuna eta talentua islatzen ditu. Lanek —instalazinoak, margolanak (orioa, akrilikoa eta pastela), bideoa, eskulturea eta argazkigintzea— parte-hartzaileen sormena eta adierazpidea islatzen dabe.
42. Ertibil Bizkaia 2024ko sarituen artean, Leo Burges nabarmentzen da, lehenengo saria eskuratu baitau Entre murmullos y cabello lanari esker. Zortzi marrazkiko bilduma bat da, espazio multidimensional batean marra eta zatien arteko fusinoa esploretan dauena. M. Benito Pirizek bigarren saria irabazi dau Abrazo lanagaz, zulatutako gorputzari buruzko eskultura-hausnarketa bikainagaz. Lucía Jayo Altamiranok hartu dau hirugarren saria, You' ll Never Guess lanagaz. Argazki proiektu bat da, irudiak errepetiduta ikuslearen pertzepzinoa desafietan dauena.
Beraz, honako honeek Ertibil Bizkaia 2024ko sarituak: Leo Burges, M. Benito Piriz, Lucía Jayo Altamirano, Tana Garrido Ruiz, Maider Gonzalo Salceda, Ángela R., Jon Ander Terroba, Ane Diez de Ulzurrun, Hodei Herreros, Idoia Leache, Julia Martos, Víctor Ortuño, Aida Valdes, Ane Berganza, Unai Cardoner, Martzel do Nascimento Goiria, Garazi Etxebarria Azurmendi eta Bakarne González & Eva Raya.
Aurten, 149 eskaera jaso ditue. Arrizabalagaren esanetan, programeak eragiten dauen gogo biziaren eta interes handiaren adierazgarria da hori. Proposamenak teknika eta espezialidade artistiko askotakoak izan dira eta gure lurraldeko arte garaikidearen aniztasun aberatsa erakusten dabe. Aurkeztutako guztien artean, 18 obra hautatu dira, kontu handiz, erakusketa honetarako, eta Bizkaian sortzen dagoan talenturik onena erakusten dabe.
42. Ertibil Bizkaian ondokoak izan dira epaimahaikideak: Jon Ander García Benítez, Ertibil Bizkaia 2023ren irabazlea; Andrea Estankona Loroño, EHUko Arte Ederretako irakaslea; Sahatsa Jauregi Azkarate, artista eta Helena López Camacho, Uribitarteko arduraduna (BilbaoArte) eta erakusketearen harian argitaratutako katalogoko testuen idazlea.
Itsasargi bat artista barrientzat
1983an Ertibil Bizkaia sortu zanetik, Bizkaiko artista barrientzako itsasargia izan da, esperimentazinorako eta adierazpen artistikorako oinarrizko espazio bat eskaintzen deutsena.
Bizkaian barrena ibiliko dan erakusketea
Punta Begoñako galerietan inaugurau ondoren, Ertibil Bizkaia lurraldeko zenbait udal erakusketa-aretotan egongo da eta talentu gazteen abangoardia sortzailea herririk herri ibiliko da.
Erakusketa Getxon hasiko da, Punta Begoñako galerietan. Han egongo da gaurtik irailaren 2ra arte. Gero, irailaren 4tik urriaren 3ra, Basaurin egongo da, Arizko Torretxean. Jarraian, Igorrera joango da, Lasarte Aretora, urriaren 5etik urriaren 31ra. Deriok be hartuko dau erakusketa ibiltaria, Kultur Birikan, zemendiaren 4tik abenduaren 2ra. Eta Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan be izango da erakuskete, abenduaren 3tik 30era.
Egonaldiak Japonian
Ertibil Bizkaia erakusketearen osagarri, egoitza artistikoak egongo dira Japonian, saritutako artistentzat. Esangura horretan, 2023ko artista irabazleak han dira orain: Jon Ander García Benítez Koganechon (Yokohama) dabil egonaldia egiten eta Maider Aldasoro, barriz, Paradise Air-en (Matsudo).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!