Oihana Lujanbio saritu dau Mintzolak

Bizkaie! 2024-07-15 12:13   Euskerea berbagai

Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektuari esker.

Oihana Lujanbio. | Ikusi handiago | Argazki originala

Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektuak jaso dau ikerketa-lan monografikoen saria. Euskeraz egiten dan ahozko jardunari buruzko ikerketa-lan monografikoak sustatzeko helburua dau deialdiak eta Oihana Lujanbio Begiristainek (Goizueta, Nafarroa, 1982) eskuratu dau 3.000 euroko saria. Ikerlariak 2025ko zezeilaren 28ra bitarteko epea izango dau proiektua ondu eta aurkezteko.

Datozen hilebeteetan, ikergai izango ditu Goizuetako noka formak egiteko bideak; praktikak sustatu eta horreen eraginak aztertuko ditu; helburu izango ditu nokearen galerearen arrazoiak ezagutzea eta herritarren hausnarketea eragitea; amaitzeko, Goizuetan nokeari eutsi deutsen hiztun-taldeen praktika onak be batuko ditu.

Dana dala, hau ez da izango Oihana Lujanbiok Goizuetako euskereari buruz egiten dauen lehen lana, besteak beste, ikerlariak ondoko lanak egin baititu azken urteotan, bakarka eta lankidetzan: Hizkuntza-aldakortasuna Goizuetako euskeran: emaitza gehiago. Euskal hizkuntzalaritzaren egungo zenbait ikerlerro (Udako Euskal Unibersidadea, 2014); Hizkuntza-aldakortasuna Goizuetako euskaran (Uztaro / Udako Euskal Unibersidadea, 2012); Goizuetako azentuaz zerbait gehiago: oharmena (ASJU / UPV/EHU, 2009); eta, Goizuetako azentuera. Gramatika jaietan (UPV/EHU, 2008). Azken biak Jose Ignacio Hualdekaz batera egin zituan.

2024ko Mintzola ikerketa-sarien deialdia

Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, euskeraz egiten dan ahozko jardunari buruzko ikerketa-lan monografiko bi saritzeko deialdia argitaratu eban martian. Ikertzaile gaztea edo hasibarria doktorego-tesiraino eroango dauen ibilbidean, aurreko erabagiak eta pausuak be garrantzitsuak dira. Bide horretan laguntzinoa emotea da deialdiaren helburua, ondoko zazpi oinarriak kontuan hartuz:

  • Eguneroko hizkerea informalaren ezaugarriak eta beronen egoerea euskal komunidadean. Oinarriak, corpusa eta diagnostikoa.
  • Euskalkiak eta estandarra ahozko hizkerearen funzinoetan: praktiken azterketa eta jarraibide batzuk sortzeko oinarriak.
  • Eguneroko hizkerarako adierazkortasun baliabideak hezkuntza arautuan lantzeko bideak eta formulak.
  • Aisialdi atonduan eta hezkuntza ez-arautuan adierazkortasun baliabideak lantzeko bideak eta formulak.
  • Eguneroko hizkerarako adierazkortasun baliabideak hedabideetatik eta ingurune digitaletik sustatzeko bideak eta formulak.
  • Eguneroko hizkerarako adierazkortasun baliabideak lantzeko bestelako bideak.
  • Hitanoa lantzeko eta hedatzeko bideak eta formulak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu