20.000 lagun inguruk egin dabe aurretiazko izen-emotea UPV/EHUn gradu ikasketak egiteko

Bizkaie! 2024-07-15 08:23   Kulturea

Osasunari lotutako titulazinoak eta ingelesez eskainitakoak dira eskaera gehien jaso dituenak.

Erretratua: UPV/EHU. | Ikusi handiago | Argazki originala

2024-2025 ikasturterako, Euskal Herriko Unibersidadeak sarrera barriko 8.709 plazako eskaintzea dau. Kopuru hori igazko ikasturtekoa baino apur bat handiagoa da. Eskaintza honetarako, aurretiko izen-emotea egiteko 20.000 eskaera inguru jaso dira. Eskaera gehien jasotako titulazinoei jagokenez, aurreko deialdiakaz alderatuta, ez da aldaketa handirik izan, oraindino be osasun arloko graduak dira eskaera gehien jaso dituenak eta, zehatzago esanda, ondokoak: Medikuntzea, Erizaintzea, Psikologia, Odontologia eta Fisioterapia. Era berean, gehien eskatutako beste graduetako bat izan da Enpresen Administrazino eta Zuzendaritzea.

Bestalde, bikaina izan da gradu barrienek jaso daben harrerea (Biomedical Engineering eta Lehen Hezkuntzako eta Ume Hezkuntzako Gradu Bikotxa, lehen aldiz joan dan ikasturtean eskainitakoak, eta Logopedia, irailetik aurrera lehen aldiz eskainiko dana). Aitatutako graduetako aurretiazko izen-emote zifrak, lehen aukereari jagokonez, nabarmen gainditu dabe eskainitako plaza kopurua.

Ezagutza arloei jagokenez, aurretiazko izen-emoteen % 36,7, lehen aukeran, osasun zientziakaz lotuta dagoz; % 30,83 gizarte zientziakaz; % 18 injinerutza eta arkitektureagaz; % 8,1 zientziakaz; eta % 6,3 giza zientziakaz. Ondorioz, aurreko urteetako bilakaereari eutsi jakola eta osasun zientziek eta injinerutzeak eta arkitektureak barriro be goranzko jokeera izan dabela esan daiteke: hurrengo ikasturterako aurretiazko izen-emoteen maileak agirian itxi dau gure gradu ikasketen eskaintzea gizartearen beharren araberakoa da, azpimarratu dau Eva Ferreira errektoreak. ez gabiz eskaintza estatikoaz, jakina, izan be, eten barik egokitzen da bilakaera ekonomikoaren, sozialaren eta kulturalaren arabera. Azken urteotan ezarritako titulazinoek eskari maila onari eutsi deutse: injinerutza biomedikoak, hezkuntzako gradu bikotxak, adimen artifizialak... Eta gauza bera jazoten da logopediagaz, datorren ikasturtean martxan jarriko dogun titulazinoagaz. Euskal gizarteak unibersidade publikoan konfidantzea izaten jarraitzen dau eta albiste bikaina da hori.


8.709 plazako eskaintzea

Euskal Herriko Unibersidadearen 19 fakultade eta eskoletan, danetara 8.479 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean eta horreei guztiei UPV/EHUri atxikitako hiru zentroek eskaintzen dituen hiru graduetako 230 plazak gehitu behar jakez: Vitoria-Gasteizko Erizaintzako Unibersidade Eskolea, Bilboko Merkataritza Ganberako Unibersidade Eskolea eta IMHren Injinerutza Dualaren Unibersidade Eskolea. Datorren ikasturtean, UPV/EHUk 108 gradu eskainiko ditu eta barritasun Nagusia Logopediako Gradua izango da. Ikasketa horreek prestakuntza dualeko ibilbidea izango dabe eta Gipuzkoako campusean eskainiko da, Psikologia Fakultadean.

Eskaintza barri horregaz, Prestakuntza Dualaren katalogoa hamabi gradukoa izango da. Eredu horrek unibersidadean eta enpresan egindako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak bateratzen ditu. Prestakuntza dual horrezaz gan, ia ikasle guztiek dabe Euskadiko enpresetan, erakundeetan, GKE-etan edo alkarteetan kanpo praktikak egiteko aukera. Hola, 2023-2024 ikasturtean, 13.378 praktika egin dira eta horreetako % 40 boluntarioak izan dira.

Beste behin, Euskadiko unibersidae publikoak bere campusetan eskainitako hamabost gradu bikotxek harrera bikaina izan dabe oro har.

Bestalde, nabarmentzekoa da Euskadiko unibersidade publikoak oso-osorik ingelesez eskaintzen dituan gradu biek harrera ona izan dabela: Business + Economics gradu bikotxak (Ekonomia eta Enpresa Fakultadea, Sarrikoko egoitzan) eta Biomedical Engineering (Bilboko Injinerutza Eskolea).

Era berean, Hezkuntza arloko gradu hirueledunen eskaintzak be eskaera ugari jaso ditu. Horregaz lotuta, gradu gehienak, hizkuntza ofizial bietan ikasteko aukerea egoteaz gan, ikasgai batzuk ingelesez (843 baino gehiago eskaintzen dira) edo beste hizkuntza batzuetan (212 Inguru) egiteko aukerea dago.

Bestalde, lau graduk Unibasq-ek emondako nazinoarteko aitamena dabe eta hori Unibasq Unibersidade Sistemearen Kalidade Agentziak emoten dau. Bestalde, UPV/EHUko lau ikasletik batek, bere ikasketetan zehar, gitxienez lauhileko bat igaroko dau atzerriko edo Estaduko beste unibersidad batean.

Garagarrilak 15, matrikulearen hasierea

Garagarrileam matrikulauko dira deialdi arruntean Unibersidadera Sartzeko Ebaluazino Probea gainditu eben Batxilergoko eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, 25 eta 45 urte baino gehiago dituenak eta laneko esperientzia daben personak eta tituludunak, besteak beste. Matrikulearen lehen aldia garagarrilaren 15etik 18ra egongo da zabalik. Garagarrilaren 22an, bigarren deialdiko personek izango dabe matrikuletako aukerea eta garagarrilaren 26an, barriz, hirugarren deialdikoek. Lehenengo deialdiaren ondoren egiten diranetan, aurreko fasean libre geratutako plazak esleitzen dira, eta azken deialdiak irailean egingo dira.

Matrikuleari buruzko informazio gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu