Arte Ederren Museoak Bergé Bildumearen dohaintzea jaso dau
2024-07-11 13:43 KultureaKontrapuntu parebakoa eskainiko dau, gaur egungo artea testuinguruan kokatzeko.
Arte Ederren Bilboko Museoa Fundazinoaren Patronatuak, Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez, Bergé y Compañía enpreseak azken hiru hamarkadetan osotutako nazinoarteko arte garaikideko Bergé Bildumea dohaintzan jasoteko proposamena onartu eban aurreko bagilean.
Bilduma horren bitartez, Europa, Iparramerika eta Latinoamerikako arteak museoan dauen presentzia azpimarratzen da eta kontrapuntu parebakoa eskainiko dau, gaur egungo artea testuinguruan kokatzeko.
Bergé Bildumearen dohaintzan 98 artelan dagoz eta 1980ko hamarkadearen amaieratik XX. mendearen lehenengo hamarkadara bitartekoak dira. Aitatzekoa da emakumeen artelanen ordezkaritza oparoa eta garai horretako jardun artistikoen aniztasun handia: pinturak, papel gaineko lanak, eskulturak, argazkiak, bideoak eta instalazinoak.
Sortu ebenetik, Bergé Bildumearen helburua da artisten lehenengo obrak eskuratzea. Horreen artean, ondoko honeek dagoz: Susana Solano, Pepe Espaliú, Cristina Iglesias, Ibon Aranberri edo Dora García eta atzerritarren artean, Tim Rollings + KOS, Vik Muniz, Céline van Balen, David Shrigley, Nedko Solakov, Rosario López, João Pénalva edo Moris.
Bildumearen dohaintzea baliogarria da egitasmoa sortu ebeneko helburuetako bati eusteko: gaur egungo belaunaldiei erakustea eta ondorengo belaunaldiei oinordetzan ixtea munduan jazoten danaren kontakizuna, artearen kodeen bitartez.
Bildumea ezagutzera emoteko, sei lan egongo dira ikusgai irailean, Sergio Pregoren Hamahiru Centaurusera instalazinoa dagoan aretoan:
- Susana Solano. La caritat, n.º 3 (1986-1987).
- Cristina Iglesias. Izenbururik gabea 389. zk. (1990).
- Jonathan Borofski. Counting (3, 326, 754-3, 326, 760) (1990).
- Vik Muniz. Richard Serra, Prop, 1968 (Picture of Dust) (2000).
- Ibon Aranberri. Ornate and rigid (galvanized) (2007).
- Diango Hernández. Izenbururik gabea (2005).
Eskultura horreek ezin hobeto osotzen dira Bergé Bildumako lehen obretako baten aurkezpenagaz: Richard Arstchwager iparramerikar artistearen Double Speaker, oraintsu jaso dana museoan.
Bergé Bildumea
Bergé y Cía. Familia-enpresearentzat, 1870ean hiru euskal ekintzailek sortua, jarduera eredugarria izan da nazinoarteko arte garaikidearen bildumea enpresearen negozio ekosisteman: jatorrizko portu jarduerea, ardaoaren kulturea, garraioa, automozinoa eta teknologia barriak. Museoan jaso daben bildumea laurogeiko hamarkadan jarri eben martxan, arte garaikidearen aurreko bokazino nabarmenagaz eta panorama artistikoaren eta gaur egungo gizartearen gai aitagarrien lekukotasuna emoteko helburuagaz.
2008an, Bergé Bildumeak Arco saria irabazi eban, bildumazaletasun korporatibo onenari eta 2011n, IACCCA-International Association of Corporative Collections of Contemporary Art irabazi-asmorik bako alkarteagaz bat egiteko konbita jaso eban. Alkarte horretan batuta dagoz mundu osoko hainbat erakunde eta enpresa talderen berrogeita hamar bilduma baino gehiago; eta 2014tik, ganera, Bergé Bilduma bertako kontseiluko kide izan da. 2015ean Global Corporate Collections liburuan sartu eben; bertan, munduko 80 korporazino-bilduma onenak dagoz.
Azken urteetan, Bergék nazinoarteko museo eta erakunde kultural ospetsuek atondutako erakusketei itxi deutse lanak, esaterako: Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazinonala, Madrilgo Burtsa, Madrilgo Erkidegoko 31 Alcalá Aretoa, Arte Modernoko Valentziar Institutua, Mapfre Fundazinoa, Málagako Picasso Museoa, Joan Miró Fundazinoa, Sevillako Arte Garaikideko Zentro Andaluziarra, Iruñeko Nafarroako Unibersidadearen Museoa, Londresko Tate Modern eta Milton Keynes Gallery, Lisboako Fundaçao Calouste Gulbenkian, Milango Fondazione Arnaldo Pomodoro eta Edinburgoko The Fruitmarket Gallery.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!