Izaskun Arrue Kulturgunea (Gasteiz Antzokia) martxan

Bizkaie! 2024-07-11 09:50   Kulturea

Euskerazko aisialdirako, kulturarako eta sorkuntzarako topagunea izango da.



Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak agur esan ondoren, Gasteiz Antzokia sustatu dauen Lazarraga kultur alkartea ez da geldi egon eta azken urteotako aurrez aurrekoen ondoren, Ruiz de Bergara Jauregian egongo da Euskerearen Etxea, Zapatari eta Errementari kaleen artean dagoan eraikinean. Hain zuzen, Gasteizko Kafe Antzokiaren lehen zutabe legez jarri eben martxan Oihaneder eta azken urteotan euskerearen eta euskal kulturearen erreferente izan da Gasteizen: 66.500 erabiltzaile baino gehiago hurreratu dira 900 bat jardueratara. Lan horretan Gasteizko Udaleko Kultura eta Euskera zerbitzuen laguntzea izan dabela nabarmendu dau Oihanederrek.

Kontuak kontu, Izaskun Arrue Kulturguneari jagokonez, uriaren erdialdean, Ruiz de Bergara Jauregian kokatua, eredu izatea da asmoa, Gasteizen hizkuntzearen erabilerea normalizetan lagunduko dau kulturearen bidez. Horretarako, hainbat formatutan atonduko ditue jarduerak:

Kultur jarduerak: kontzertuak, antzerkia, bertsoak, jantza...
Prestakuntza-jarduerak: ikastaroak, tailerrak, jardunaldiak...
Ezagutzea edo jakitea sustatzeko beste proposamen batzuk: hitzaldiak, erakusketak...
Eraikina: XVI. Mendeko Jauregia, zaharbarritua.
Ruiz de Bergara Jauregia, XVI. mendekoa, Errementari kalean dago eta Zapatari kaletik be sartzen da bertara. Beheko pisua eta hiru altuera ditu, 1.100 metro koadroko azalerea dau.

Beheko pisuan: erakusketak eta berbaldiak. Gauza askotarako gelea, erakusketak, hitzaldiak edo proiekzinoak atontzeko; kabina teknikoak, proiekzinokoak eta itzulpenekoak dagoz; biltegiak, komunak eta kamerinoak.

Azalerea: 213 m².

Lehenengo pisua: agertokia eta tabernea. Espazio eszeniko nagusia dago: 130 metro koadro, altuera bikotxean, kontzertuak, antzerki-emonaldiak eta bestelako ikuskizunak egiteko, bai zutunik, bai jarlekuetan.

Ostalaritza-gunea eta suetea be bertan dagoz.

Azalerea: 349 m².

Bigarren pisuan: lantegiak eta bulegoak, tailerrak, lanerako guneak eta komunak dagoz. Horrez gan, gauza askotarako espazio bat be badau, balkoi eta guzti eta bertatik lehen pisuko agertokiko ikuskizunak ikusi ahal izango dira.

Azalerea: 243 m²

Hirugarren pisua: bilera-gelak. Jauregiko gunerik argitsuena da eta lanerako erabiliko da. Kristalezko bilera-gelak, lantegi-gune bat eta instalazinoetarako gelea dagoz bertan.

Azalerea: 292 m²

Ruiz de Bergara Jauregia erabarritzeko lanek 2,6 miloe euroko inbersinoa izan dabe. Egituran, isolamenduan eta beste egokitzapen batzuetan egin dira lanak.

Lazarraga Alkartea

Irabazi-asmorik bako Lazarraga Alkarteak kudeatuko dau Antzokia, Gasteizko Udalagaz sinatutako hitzarmen baten bidez. Erakunde horrek Antzokiko azpiegituretako batzuk (taberna-jatetxea) laga eta alokatu ahal izango deutsoz bitarteko bati, jarduera horretatik lortutako diru-sarrerak kultura-proiektua finantzietako erabil daitezan. Gainera, Udalak 315.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo dau urtero kultur proiektua eta programazinoa gauzatzeko.

Izaskun Arrueri (1927-2016)

Izaskun Arrue 60ko hamarkadan heldu zan Gasteizera eta irakasle lanei ekin eutsen Zerkabarren kalean, bere etxean, Gasteiz Antzokitik ez oso urrun. Etxebizitza horretan hasi zan Gasteiz eta Arabaren euskaldunizazino-mobimentua. Arrue, beraz, Arabako lehen andereñoa izan zan, euskerazko irakaskuntzan sutsu ibilitako emakumea eta Olabide ikastolearen proiektuaren bultzatzaile nagusia, Gasteizko eta Arabako lehen ikastolearena. Izakera handiko emakume aitzindaria izan zan, ausarta, erizaintzan be ibilitakoa. Udalak omenaldia egin eutson 2016ko Euskerearen Nazinoarteko Egunean, hil eta gitxira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu