Arte eszenikoen lau koprodukzino Muxikebarrin
2024-07-11 09:10 KultureaIrailetik abendura, sarrerak garagarrilaren 22an jarriko ditue salgai.
Muxikebarriko lau koprodukzinok bat egingo dabe Getxoko zentroak aurtengo azken lauhilekoan hartuko dauen programazinoan. Irailetik abendura bitartean, euskal konpainiek eta artistek Getxoko erakundeagaz alkarlanean egindako lau ikuskizunetaz disfrutetako aukerea izango dau publikoak. Ados Teatroa, Pablo Viar, Maitane Sarralde eta ArteDrama dira taldeak. Konpainiek eta artistek diziplina eszeniko ugari eskainiko deutsee ikusleei: eseki-jantzea, irakurketa antzeztua eta antzerkia, hain zuzen be. Ikuskizunetarako sarrerak garagarrilaren 22an jarriko dira salgai Getxo Kulturako ohiko kanaletan.
Ikuskizunak aurkezteko egindako jentaurrekoan, Amaia Agirre Getxoko alkateak ondokoa adierazo dau: ekimen horren bidez Getxok helburu barri bati ekingo deutso, arte eszenikoen sektoreari laguntzeko. Holan, nabarmendu dau, kulturearen balio-katea osotu nahi dogu, erakusketea ez ezik, sektoreko profesionalen eta herritarren arteko sorkuntzea eta bitartekaritzea be indartuz.
Bestalde, Xabier Paya Getxoko Kultura Etxeko zuzendariak azpimarratu dauenez, koprodukzinoek antzokien profil tradizionala modernizetan laguntzen dabe, profesionalentzako eta publikoarentzako proiektu-fabrikea eta topagune bihurtzeko. Koprodukzinoen programea martxan jarteko orduan, zenbait erispide artistiko eta sozial hartu dira kontuan, besteak beste, tokiko talentua eta ondarea, kulturartekotasuna, zahartze iraunkorra eta arte eszenikoen produkzinoen kalidadea.
Programazinoa
- Irailak 21: Las ciegas hormigas (Ados Teatroa). Irakurketa antzeztua.
- Urriak 4: Confines (Pablo Viar). Antzerkia.
- Zemendiak 23: Madre perla (Maitane Serralde). Esegi-jantza piezea.
- Abenduak 20: Miñan (ArteDrama). Amets Arzallusen testu batean oinarritutako imigrazinoari buruzko antzezlana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!