Enkarterrietako Museoak bere antxinako dokumentazino bildumea aberastu dau
2024-07-10 10:15 KultureaUhagon familiaren funtsei esker.
Museoak dokumentu zaharren 5.000 orrialde baino gehiago dituan hamar moltso bibliografiko jarri ditu bere webgunean. Hamarkada askotan zehar Bilboko Itsasadarraren ertzetan negozio industrial ugariren garapenean inplikautako Uhagón familiaren dokumentu-bildumako parte bat eskuratu dau orain. Familia horretako kideek beharleku garrantzitsuak bete zituen XIX. mendeko Bizkaiko gizartean. Manuel de Uhagón senatari izan zan; Francisco Rafael de Uhagón Historiaren Erret Akademiako zuzendari; eta Felipe de Uhagón Bilboko alkate. Saga horretako kideek Uhagón e Hijos soziedadea sortu eben 1814an.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen esku dagoan museoak eskuratutako dokumentazinoaren artean 1831ko koloretako plano bat nabarmentzen da. Bertan ikusten da Itsasadarra ehiz eta ibar nabegagarriz beteta egon zan XIX. mendea ondo sartu arte. Horrezaz gan, burdin minerala kargetan eta deskargetan zan barruko portuak zituan. Horreetara kanaletatik sartzen zan. Dokumentazino grafiko horretan zehazten da orain 200 urte portu-instalazino txikiak egozala Galindon (Sestao) eta Causon eta Ugarten (Trapaga). Itsasadarraren eguneroko ur-goraldiak nabgagarri bihurtzen eban gaur egun Elguero, Ugarte eta Beurko auzoek osotzen daben triangeluan dagozan industria-lurren parte handia.
Enkarterrietako Museoak eskuratutako dokumentu-moltsoak handik denpora gitxira industrializauko ziran eta gaur egun harritu egiten gaituan Ezkerraldeko beste lur batzuen salerosketei buruzko informazinoa jasoten dau, horreen artean Belgarrisko zugaztia izenekoa (Barakaldo) edo La Isleta izenekoa Burtzeñan (Barakaldo), gaur egun lantegiek eta etxebizitzek hartutako guneak. XX. mendearen hasierako Balmasedako La Encartada lantegiaren eta bere sortzaileetako baten, Marcos Arena Bermejilloren, familiaren argazkiak be badagoz.
Digitalizazino prozesua
Uhagón familiaren funtsak digitalizau egingo dira, Bizkaiko herritarrek museoaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan deiezan. Batzar Nagusiak erakundearen esku dagoan museoak orain urte batzuk hasi eban XVI. mendetik eskualdeko bizimodua deskribiduten daben dokumentuak eskaneetako prozesua. Gaur egun, Museoak 20 dokumentu-bilduma inguru ditu eta horreen erdiak guztiz digitalizauta dagoz, dokumentu zaharren 5.000 orrialde baino gehiago.
Papelezko aitamen horreek eskualdeko historiaren aldi askori buruzkoak dira: XVI. mendea (Aretxabala Artxiboaren parte bat, Gordexola); XIX. mendeko mundua eta Gerra Karlistak (Llaguno Artxiboa, Balmaseda); XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako meategiak (Vía Artxiboa, Artzentales); Gerra Zibila (Fabio Murgaren Artxiboa, Balmaseda); burdinolak moduko industriaurreko alderdiak (Urkulluko burdinolearen kontuen liburua, Barakaldo); bai eta gai politikoak eta Batzar Nagusiak erakundeari buruzkoak be (Enkarterri eta Bizkaiko Jaurerriaren arteko XVIII. mendeko hitzarmenak).
Artxibo dokumentalen artean oso elementu bitxiak dagoz: Balmasedako hainbat urtetako eguneroko klimaren datuak jasoten dituan XIX. mendearen hasierako liburu bat; nobleziako kideek egindako poema-liburuak; edo XVIII. mendeko sinismen eta tradizinoak batzen dituan Enkarterriko alderdi antropologikoak. Enkarterrietako museoak berreskuratutako bitxi dokumentalen artean Itsasadarraren industriaurreko planoak, instalazinoen marrazkiak edo Enkarterriko burgesiaren argazkiak nabarmentzen dira.
www.enkarterrimuseoa.eus webgunean konsultau daiteken digitalizautako dokumentazinoa hamar moltso honeetan batu da:
- Tellitu familiaren XIX. mendeko familia-dokumentazinoa. Barakaldo. Gerra karlistakaz loturea dauena.
- Urkulluko burdinolearen kontu-liburua. Barakaldo. 1773-1803.
- Pedro de Salzedoren kaparetasunaren gauzatzea. Gueñes. 1543.
- Ortiz de Urbinako kapilautzea. Karrantza. 1600-1795.
- Enkarterri eta Bizkaiko Jaurerriaren arteko diskurso historikoak. Roberto de la Linde. 1740.
- Zubiletako burdinolearen kontu-liburua. Barakaldo. 1762-1775.
- Enkarterri eta Bizkairen arteko gatazkak eta Balmasedako uribilduko dokumentazinoa. 1763-1768.
- Sebastián de Llano enbaxadorearen Danimarkako dokumentu-moltsoa. Muskiz. 1763-1793.
- Manuel de Aretxabala y Txabarri artxiboa. Gordexola. XVI-XIX. mendeak.
- George Alexander Dicken bidaia-koadernoak. 1837-1903.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!