Casilda Iturrizar bekak emon ditue

Bizkaie! 2024-07-10 10:06   Kulturea

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleen lana autortuz.

Bilboko Udalak, Hezkuntza Sailaren bitartez, 9 Casilda Iturrizar beka emon ditu, 2022/2023 ikasturtean kalifikazino akademiko onenak izan dituen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleen lana autortuz.

Prozesuan parte hartu daben persona guztiek bikain kalifikazino orokorra lortu eben aurreko ikasturtean ondoko ikasgai bakotxean: Matematikea, Euskerea, Gaztelania eta Literaturea, Atzerriko Hizkuntzea eta Geografia eta Historia. Hautaketea, ikasgai horreetako 5 ariketaren bidez egiten da.

Hezkuntzako zinegotzi Eider Bilbaok adierazo dauenez, Bilbo beti izan da hezkuntzeagaz konprometidutako uria, herritartasuna edegiteko eta gizarte-kohesinoa lortzeko. Casilda Iturrizar bekak, Udalak hezkuntza inklusibo eta kalidade handikoa lortzeko konpromisoaren erakusgarri dira.

Aurton, 87 persona aurkeztu dira eta horreetatik % 72 emakumeak izan dira. Hizkuntzeari jagokonez, Geografia eta Historiako azterketea euskeraz egin eben % 63k. Era berean, atzerriko hizkuntza aukeratuena ingelesa izan zan; 85 azterketa egin ziran eta frantsesez, barriz, 2.

9 ikasle horreekaz, 468 bilbotar dira 1963tik beka hau jaso dabenak. Eider Bilbaok Udaleko Hezkuntza Sailak dauen konpromisoa gogorarazo dau, Bilbo uri hezitzailea eta ikasten dauena bihurtzea. Holan, aurten 55.000 euro bideratuko dira ikasle bikainentzako beken programea eusteko.

Ikasturte honetan, handitu egin dira Batxilergora eta Heziketa Zikloetara sartzen direnantzako dirulaguntzinoak (415 euro/ikasturteko izatetik 450 euro/ikasturteko izatera), baita Unibersidadeko Graduetara sartzen direnantzako be (905 euro/ikasturteko izatetik 1.100 euro/ikasturteko izatera). Bekadun ikasleek bekeari eutsi ahal izango deutse, beti be ikasturteko batez besteko notea oso ona bada.

Oraintsu, 56 beka dagoz indarrean, batez be STEAM eremuetan (Matematikak, fisika...).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu