Harrerea egin deutse Bilbon udeaz gozetan dagozan Saharako zein Ekialdeko Europako umeei

Bizkaie! 2024-07-10 08:56   Kulturea

Ondo etorri Saharako Umeak jaia garagarrilaren 13an Bilbon.





Ekialdeko Europako sei edade txikikok eta, Oporrak Bakean-Vacaciones en Paz programearen barruan, Saharako 7 edade txikok harrerako familia bilbotarragaz igaroko dabe udea.

Bilboko udaletxean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Kontxi Claver Bardintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Immigrazinoko zinegotziak eta beste zinegotzi batzuek ondoetorria emon eta opor zoriontsu eta dibertigarriak opa deutsee.

Arabiar Aretoa izan da ekitaldi sinboliko horren agertokia. Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatu sahararren kanpamentuetatik heldutako zazpi ume eta Ekialdeko Europatik etorritako 6 ume batu dira, harrera-familiakaz batera. Ekitaldi horretan, zenbait umek Printze txikia liburuko seigarren kapituluko zati batzuk irakurri ditue esperientzia xume baina esanguratsuak gogoratuz, besteak beste, mendian paseoan ibiltea, hondartzan hareazko gazteluak eregitea, txokolatezko izozki bat probetea edo parkeko txirristan zirrist egitea... horreek eta gehiago gozauko ditue kanpotik etorritako umeek.

Alkateak eskerrak emon deutsee familiei beren etxeak Euskadikoak ez diran errealidadeetatik datozen edade txikikoei edegiteko eskuzabaltasunagaitik, jatorrizko herrialdeetako bizi-baldintza larriak ahaztu eta disfrutau deien: zuenaren moduko keinuek laguntzen deuskue egunero Balioen Uria eregiten, nabarmendu dau.

Bilbora lehenengoz heldutako umeek beren garapena eta hazkundea hobetu ahal izango ditue, baita gatazka-eremuetan edo muturreko giroa daben eremuetan bizitearen ondorioak arindu be.

Bai alkateak, bai Kontxi Claver zinegotziak eskerrak emon deutsee neska-mutilak udea igarotera Euskadira etortea ahalbidetzen daben alkarteei, Fronte Polisarioaren Euskadiko Ordezkaritzeari eta Chernobileko Umeak alkarteei.

Bilbo, Balioen Uria

Alkarteen inplikazinoak eta jarduerak eta harrera-familien eskuzabaltasunak, aukerea emoten dabe udan Saharatik eta Ekialdeko Europatik bisitan etorten jakuzan umeentzako bake eta zoriontasun-guneak sortzeko, nabarmendu dau Kontxi Claverrek. Era berean, gogoratu dau Udalak lankidetzea daukala alkarte horreekaz, Bilbao Balioen Uria udal-estrategiagaz daukan konpromisoaren zati legez, izan be, balio eta baloreak indartzen baititu (alkartasuna, konpromisoa, aniztasuna, inklusinoa eta ezbardintasunen murrizketea), 2030 Agendako Garapen Jasangarriko Helburuakaz (GJH) bat etorrita.

Horrezaz gan, lankidetza horri esker edade txikikoak babesten eta uriko bizitzan parte hartzea errazten da, Bilbo uria, umeen laguna dan neurrian hartutako konpromisoan jasoten dan moduan.

Akordio horreen artean, Udala 1999tik lankidetzan dabil Fronte Polisarioko Ordezkaritzeagaz, Saharako edade txikikoei zuzendutako Oporrak bakean-Vacaciones en paz programan; bestalde, orain hamabost urtetik hona, alkarte askotan dabil Europako Ekialdetik edade txikikoak hartzeko eta lekualdatzeko, aurten Chernobileko Umeak Alkarteak sei ume ekarri ditue.

Era berean, Bilbao Kirolak eta Azkuna Zentroa lako udal-erakundeek laguntzen dabe edade txikikoen eta euren harrera-familien udea dibertigarriagoa egiten, ugerlekuen erabilerea bultzatuz.

Ondoetorri Jaia

Garagarrilaren 13an, zapatuan, 11:30etik 17:30era, Casilda Iturrizar parkean Ondoetorri Saharako Umeak, ekitaldia egingo jake ume sahararrei eta hareen harrera-familiei, Bilboko Udalak atonduta, Euskadiko Fronte Polisarioagaz, Oporrak bakean programeagaz, Euskal Fondoagaz eta Panpotx Kultur Alkarteagaz batera. Bost gune bereiziko dira: Aaium, Auserd, Bojador, Bajla eta Smara, eta bakotxean hainbat jarduera egongo dira: perkusino tailerra, puzgarriak, herri kirolak eta animazino jarduerak, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu