'Euskaraz Barra-Barra' kanpainea, martxan

Bizkaie! 2024-07-09 11:05   Euskerea berbagai

Bilboko Udalak euskerea sustatuko dau uriko saltoki eta ostalaritza guneetan.

Bilboko Udalak euskerea sustatuko dau uriko saltokietan eta ostalaritzan,Euskaraz Barra-Barra kanpainearen bidez. Egitasmoa, ikusgarriagoa izango da gaurtik aurrera, uri osoan zehar identifikatzaile espezifikoak jarriko baitira hainbat tokitan, esaterako; erakusleiho, pantaila, mupi eta publizidade esparruetan. EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko zenbait udalerritan batera jorratzen da ekimena eta sektore bietan euskerearen erabilerea areagotzea dau helburu.

Merkataritzako eta ostalaritzako establezimendu honeek dira kanpainara deitutakoak: langileen % 33,3 edo gehiago euskaldunak dituana eta euskerea ulertzen dauen langile bat gitxienez izatea. Urian, guztira, 321 establezimendu dagoz.

Euskaraz Barra-Barra konsumitzailea erdigunean jarteko eta hizkuntza-estresa murrizteko helburuagaz sortu da: euskerea beti eta leku guztietan erabili daiteke. Markearen helburua da bezero euskaldunei establezimenduetan euskeraz komuniketako aukerea emotea eta Euskaraz Barra-Barra bereizgarria izango dabe bezeroari bermatzeko langileek euskerea ulertzen dabela.

Horretarako, merkatari eta ostalari euskaldunak identifikauta dagoz eta kanpaineari lotutako identifikazino-materiala emon deutse. Hortik aurrera, bilbotarrek emoten deutsee proiektuari esangurea eta indarra.

Kanpainea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak, Nafarroako Euskerearen Institutuak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak koordinetan dabe. Koordinazino-mahaiaz gan, Euskadiko erakunde publiko eta pribatu ugarik, euskerearen tokiko batzordeek eta hainbat boluntariok eta erakundek (besteak beste, Bilboko Udalak) osotzen dabe proiektuaren antolaketea.

Egitasmoa, Bilboko Udalaren beste ekintza bat da eremu sozioekonomikoan, urteak baitaroaz euskerearen normalizazinoa bultzatzen merkataritzan eta ostalaritzan, Biribilko programearen barruan. Halanda ze, zerbitzua euskeraz emoten eben establezimenduak identifiketako lan egin zan 2019an. Orduan, Euskararen Txanda izeneko ekimenaren barruan egin zan.

Biribilko programeak, establezimenduak identifiketeaz gan, jarduera gehiago be hartzen ditu, esaterako, euskera-ikastaroak eta beste hizkuntza-baliabide batzuk, besteak beste, sektoreko hiztegiak, euskerazko errotuluen ereduak eta online itzultzaile automatikoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu