Arkeologia Museoak Neandertalen mundua erakutsiko dau

Bizkaie! 2024-07-09 08:50   Kulturea

Neandertalak. Mendebaldeko Pirinioetako beste gizateriaren historia izenpean.

Begoña de Ibarra kulturako zuzendari nagusiak Bizkaiko Arkeologia Museoaren aldi baterako erakusketea aurkeztu dau. Horrezaz gan, bertan izan dira: Etor Telleria museoko zuzendaria; Joseba Ríos Garaizar, erakusketako komisarioa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Saileko ikertzailea; eta Asier Gómez-Olivencia Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Geologia Saileko ikertzailea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologia Museoak edegi dauen Neandertalak. Mendebaldeko Pirinioetako beste gizateriaren historia erakusketeak Neandertalden unibersoa esploretako jakingurea bizten dau, gaur egun Euskal Herria izenez ezagutzen dogun honetan bizi izan baitziran. Erakusketearen helburu nagusia neandertalak benetan nortzuk izan ziran eta lurraldean izan zan historia argitzea da. Neandertalak, biologia, bizimoduak, bilakaerea eta desagertzeko arrazoiak gaurkotasun osoko gaiak dira eta euskal erregistro arkeologikoak erantzun esanguratsuak emoten ditu horren inguruan.



Euskal Herriko neandertalak

Bizkaiko Foru Aldundiko Arkeologia Museoak sortutako erakusketearen bitartez bisitariek geure espeziearen iraganera egingo dabe. Hamaika beira-arasa, panel ugari eta Emmanuel Roudier artista ospetsuak irudikatutako formatu handiko eszena ugariren bidez, Bizkaiko neandertalen gizarteak itxitako ondare arkeologikoa ikus daiteke. Gordailu, BIBAT, Nafarroako Gobernua eta Bilboko Arkeologia Museoa erakundeetatik datozen jatorrizko 150 piezek osotzen dabe erakusketea, foru museoak bultzauta eta koordinatua, ondoren antzeko gaiak lantzen dituen beste museo batzuetara joateko asmoz.

Joseba Ríos Garaizar, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Saileko ikertzailea eta Asier Gómez-Olivencia, Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Geologia Saileko ikertzailea, dira erakusketearen komisarioak.

Lehen neandertalak

Euskal Herrian, Abri Olha (Kanbo) eta Ventalaperra (Karrantza) aztarnategietan, egindako lehen miaketekaz hasten da erakusketea. Ondoren, El Polvoríngo (Karrantza) I. leizean berreskuratu ziran Bizkaiko neandertal zaharrenaren, Andereren, aztarnak eta hazur-hondarrak, ikusi ahal izango doguz. Bertan, Andereren hazur bi dagoz ikusgai: buruhezurra eta erradioa.

Anderegaz batera, Axlorren (Dima) berreskuratutako neandertalen hondarrak dagoz. Hondar horreetako batzuk 100 mila urteko antxinatasuna dabe eta Lezetxikin (Arrasate) berreskuratutako neandertalen haginen erreplika bi.

Neandertalen biziraupen-estrategiak be adierazoko dira erakusketean, izan be, belarjaleak, haragijaleak, hegaztiak, arrainak eta moluskuak jaten ebezen. Horrezaz gan, neandertalen teknologia eta kulturea ezagutu daitekez, esaterako: silexezko puntak eta laminak; hazur-erremintak; eta egurrezko erremintak.

Beraz, aukera parebakoa da neandertalen ondarean sakontzeko eta Euskal Herrian desagertutako gizateria ezagutzeko egindako ekarpenen barri izateko.

Bisita gidatuak eskainiko dira urritik aurrera erakusketearen zehetasunak ezagutzeko. Familia-tailerrak be eskainiko dira zemendiko domeka guztietan, jolas-jarduera eta erakusketa bisita baten bidez, neandertalak nortzuk eta zelan atontzen ziran jakiteko.

Erakusketea edegita egongo da 2025eko urtarrilaren erdialdera arte. Jarduera guztiak doban izango dira eta ezinbestekoa izango da aurretitik izena emotea 944 040 990 telefono zenbakian edo arkeologimuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu