Irulegiko kanpaina arkeologikoa, martxan

Bizkaie! 2024-07-08 09:27   Kulturea

Aurreko kanpainan 2000 bisitari baino gehiago pasa ziran Irulegitik.

Irulegiko Burdin Aroko aztarnategiak baskoien bizimoduari, gizarte-egitureari eta kultura materialari buruzko zalantza ugari jarraitzen dau izaten. Galdera horreetako batzuei erantzuteko asmoz, Aranzadi Zientzia Alkarteak, Aranguren Ibarreko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesagaz, Irulegi mendiko indusketei ekingo deutsee barriro be, bi hilabetez.

Mattin Aiestaran arkeologoaren gidaritzapean eta abuztuaren 18ra arte, helburu nagusi bi ditue:

  • Ikerketea aurrera eroatea, herrixkako eta inguruetako zenbait eremutan indusketak eginez. Kanpainaz kanpaina, Irulegi funtsezko aztarnategia bilakatu da Ebro harana altu-ertaineko azken milurtekoko gizarteen eta mendebaldeko Pirinio inguruko eremuaren garapena ulertzeko.
  • Aurreko kanpainetan azaleratu ziran egiturak finkatu, kalteak saihesteko eta jente-aurrean erakusgarri egon deian. Horretarako, orain arte induskatutako 3 etxebizitzak kontsolidatzea aurreikusten da: 6000 eraikina (Irulegiko Eskua agertu zan tokia); 3000 eraikina; eta 5000 eraikina.




Irulegi, argitu gabeko eremu ugari

2023ko kanpainean prospekzino geofisikoa egin zan barriro aztarnategiaren urigunean, baita ordura arte aztertu gabeko hainbat eremu txikitan be eta ondorio interesgarriak atera ebezen herrixkearen azken faseko urigintzari jagokonez.

Eremu horreen funtzioa argitzeko asmoz, aztarnategiko hainbat puntutan kata arkeologikoak egitea izango da 2024ko esku hartzearen ardatza. Holan, beste zundaketa batzuen artean, oraindik induskatu ez diran eta errekuntza maila handia erakusten daben eraikin txiki bik izango luketeen funzinoa ulertu nahi dau taldeak. Horrezaz gan, lubaki itxurako zundaketen bidez, herrixkako zulo edo terraza itxurako etxebizitza posibleak, harresia izan daitekeena eta aurreko zundaketetan aztertu ebenari jarraituz, Erdi Burdin Aroko zeramika ezohikoen biltegia agertu zan lekua ikertzea aurreikusten dabe, kutxatila-zelaien nekropoliagaz lotuta egon leikeena.

Bisita gidatuak

Aurreko kanpainean 2000 bisitari baino gehiago pasa ziran Irulegitik eta aurton be Aranzadik bisita gidatuak eskaintzen ditu, aztarnategian lan egiten daben arkeologoen eskutik. Bisita horrek baskoien lurraldearen bihotzera bidaiatzera proponiduten dabe eta Irulegi mendiaren aparteko ondarea ezagutarazotea dabe helburu.

Irailaren 29ra arte egongo dira edegita, eguaztenetik domekara, 10:00etan hasita Ilundaingo aparkalekutik.

Erreserbatu bisitea hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu