Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua, 2024ko urriaren 2, 3 eta 4an
2024-07-05 09:00 KultureaGasteizko Europa Biltzar Jauregian izango da.
Elkartzen Gaituena goiburupean urrian izango dan Kongresuan gizarte barrikuntzan, lana atontzeko preozesua, humanidade teknologietan eta demokrazia parte-hartzailean nazinoarte mailako adituek emongo ditue berbaldiak. Goiburuari eutsiz, Herri Itun baterako baldintzak sortzea da asmoa, Euskal Herriko gizarte eta lurralde kohesinoaren alde martxan jarri behar diran politiken edota erabagien inguruan. Gaitasun kolektiboak piztuz, adostasun zabalak lortzea eta eremu sozio-ekonomikoan, sozialean eta lurraldekoan proposamen zehatzak egitea dira asmoak.
Eusko Ikaskuntzearen XIX. Kongresuan Euskal Herriaren kohesinoa indartzeko lan egiten dabenek edo konpromisoa sentiduten dabenek parte hartu leikie: herritarrek, adituek, gizarte-eragileek, erakundeetako ordezkariek eta akademikoek.
Lehenengo egunean, urriaren 2an, eredu sozio-ekonomikoari eta ondoizatearen gizarteari helduko jako. Hilary Cottam, Londresko University Collegeko Barrikuntza eta Asmo Publikoko Institutuko irakaslea eta Radical Help (2018) liburuaren egilea izango da edegiera-hitzaldiaren arduraduna. Gizarte-programen barrikuntzan erreferentea, gizarte-laguntzearen inguruko narratiba eta praktika nazionalak aldatzeagaitik autortua izan da. 2019an Britainiar Inperioaren Ordena jaso eban Ondoizate estaduari egindako ekarpenakaitik. Egun horretan bertan, Ma Ángeles Durán Zientzia Politiko eta Ekonomikoetan doktoreak, CSICeko ikerketa irakasleak eta NBEko kolaboratzaileak be parte hartuko dau. Espainian Soziologia katedrea lortu eban lehen emakumea izan zan. Hirurehun lan baino gehiago argitaratu ditu hainbat gairi buruz. Gizarte, Ekonomia eta Lege Zientzietarako Ikerketa Sari Nazionala eta Soziologia eta Zientzia Politikoaren Sari Nazionala eskuratu ditu. Eguneko egitaraua osotuko dau Andoni Eizagirre Eizagirreren (Mondragon Unibersidadea) aurkezpenak eta hiru mahai-inguruk. Horreetako lehenengoan eredu soziekonomiko orekatu eta justua lortzeko transizinoa izango dabe aztergai Alberto Ansuategik (Eusko Jaurlaritzea), Edurne Magro Monterok (Orkestrea) eta Teofilo Rojo Apariciok (EHU), Jon Barrutiak moderauta.
Bigarren mahai-inguruan, lanaren etorkizunari eta ondoizate politikei helduko deutse Rafael Bustillok (Salamancako Unibersidadea), Leire Gartziak (Deusto Businness School) eta Tomas Arrieta Herasek, Izaskun Goñi Razquin moderazino lanetan izango dalarik.
Hirugarren mahai-inguruak iraunkortasuna eta belaunaldien arteko alkartasuna landuko dau Itziar Aguado Moralejo (UPV/EHU), Javier Burón Cuadrado (NASUVINSA) eta Concepción Patxot (Universitat de Barcelona) partaideei esker, Mercedes Oleaga Páramok moderatzaile izanik.
Urriaren 3ko saioa Salamancako Unibersidadeko Zientzia eta Teknologia Ikasketen Institutuko Lola S. Almendros-ek edegiko dau. Logikan eta Zientziaren Filosofian doktorea da eta bere ikerketek informazinoaren eta komunikazinoaren teknologiakazko eta adimen artifizialagaz lotutako arazo epistemiko eta soziopolitikoak ditue aztergai. Javier Echeverríagaz batera, Tecnoexistir: Tecnopersonas. Cómo las tecnologías nos transforman (2021) liburuaren egilea da.
Ondoren, Eusko Ikaskuntzaren barruan azken urteetan 4 programen inguruan landutako ondorioak eta proposamenak aurkeztuko dituen arduradunek eta talde eragileetako kideek: Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu; Euskal Hezkuntza Sistema; Kultur eskubideak, parte-hartzea eta gobernantzarako politikak; eta GizarteLAB - Gizarte barrikuntzarako laborategia.
Saioa Kukai Dantza Taldearen hausnarketa sortzaileagaz osotuko da.
Lurraldea, bere orekea eta haren gatazkak, izango dira hirugarren eta azken egunean, urriaren 4an, hausnarketarako gaiak. Berbaldi markoa Cristina Lafont-en esku egongo da. Lafont Filosofian doktorea da Frankfurteko Unibersidadean eta Lebowitz for Philosophical Achievement and Contribution saria jaso eban 2022an, Amerikako Filosofia Alkarteak emonda. Egun, Northwesterneko Unibersidadeko (AEB) katedraduna da. Besteak beste, Democracia sin atajos. Una concepción participativa de la democracia deliberativa liburua argitaratu dau (2021), Global Governance and Human Rights (2021) edo Lenguaje y Apertura del Mundo (1997).
Eusko Ikaskuntzaren beste 3 lan-programen inguruan aurkezpenak eta mahai-inguruak atondu dira: Lurralde oreka - Herri Txikien Akademia; Lurralde burujaubetza gatazken kudeaketea Europan; Euskal Herria lurralde bizia, muga lurraldea.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!