Martxan da ‘Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan?’ ikastaroa Donostian

Bizkaie! 2024-07-05 08:12   Bertsolaritzea

Nork zer kantetan dauen epaia oso ezbardina izango da.

UPV/EHU udako ikastaroen barruan atondutako ikastaroa bart hasi da eta gaur jarraituko du Donostiako Miramar Jauregian; berbaldiak eta mahai-ingurua izan dira bart: bat-batekotasuna, sorkuntzea, zilegitasuna, diskursoa... Bertsogintzearen hainbat ertz astindu ditue ikasle eta irakasleak, 50 laguneko taldea, hain zuzen be, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak sustatutako Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? ikastaroan, UPV/EHUko udako ikastaroen barruan.

Karlos Aizpurua Etxartek egin dau ikastaroaren aurkezpena, Bertsozale Alkarteko ikerkuntza eragileak eta ikastaroaren nondik norakoen barri emon dau. Haren ondoren heldu da lehenengo hizlaria, Saioa Alkaiza Guallar eta zehaztu dauenez, bertsolariek gaien inguruan kantetako daben zilegitasuna edota egokitasuna lako gaiak eta markoak sortzearen garrantzia azpimarratu ditu, izan be, zenbait gaik gizarte sektore hegemoniko batzuetan sortzen daben polemikak, hain zuzen be marko propioen falteagaz dau zerikusia Alkaizaren eretxiz: esaten dabe ezin dala ezer esan lehenago aena esan dabenek; zentroa definiduteko boterea eta markoa izan daben personak dira. Holan, markoak sortu eta kantetan jakonari baino gehiago kantetako ereari edo arrazoiari emon deutso garrantzia.

Maider Arregi Markuletak Alkaizaren bidetik, gai bati buruz kantetako zilegitasunaz egin dau berba. Hain zuzen, bertsolaritzako oholtzetan ez dagozan kolektiboei buruzko eta hareei buruz kantetan danaren inguruko hausnarketea plazaratu dau: Zergaitik ez dagoz? Oholtzan gagozanok kantau geinke hareen bizipen eta aldarrikapenei buruz?, galdetu dau Arregik. Erantzuna baiezkoa balitx, zein modutan eta zertarako egin eta aurrerantzean zer egin beharko litzateken be mahaigaineratu dau.

Botere hartu-emonen gaiari heldu deutso Onintza Enbeita Maguregik. Bertsolariak plazaz plaza egiten dauen bidean eten barik hainbat ooagaik alkar eragiten dabelaa adierazo dau: bertsolariak, bertsokideek, publikoak... Gorputzaz eta egoteko moduaz be egin dau berba eta bakotxa abiatzen dan lekuak bidean zenbateko eragina dauen esan eta horren guztiaren garrantzia sorkuntzan nabarmendu dau: nork zer kantetan dauen epaia oso ezbardina izango da.

Deskantsuaren ostean, Oihana Arana Cardenalek ekin deutso. Berbaldiaren izenburuak berak, Bertsolaritzea maila ideologikoan lerraturik dago?, galdereak eragin eutsola adierazo dau: gure artean ideologia edo diskurso berbak erabiltean, badakigu zeri buruz gabizen? era nahasgarrian edo difuso ulertzen ditugu, hasi dau barriketaldia. Ideologiari buruz gabizenean, gai-jartzaileei buruz be berba egin behar dala esan dau. Txapelketetan ahalik eta diskretuen egoteko eskatzen jake, leku askotan agertu be ez dira egiten, eta hain justu txapelketetako talde feminizatuena dala esan dau: emakume gehiago dagoz gizonak baino, eta ia ez dira ikusten.

UIK mahai-ingurua

Mahai-inguruagaz biribildu da eguna. Lau hizlariek hartu dabe parte eta Karlos Aizpurua izan dabe gidari. Hasteko, 2017ko txapelketako publikoaren artean egindako ikerketan ataratako datua ekarri dau Aizpuruak, eta horrek atea zabaldu dau umoreari buruz berba egiteko. Gaur egungo bertsolaritzea baztertzailea dala dinoanik badagoala aitatu dau gero, eta horri eta erantzunez jarraitu dabe mahaikideek. Marko ideologikoaz eta hori hausteaz be ibili dira. Bakotxari galdera bat eginez segidu dau gidariak: Enbeitari zeintzuk dira zuretzako diskurso hegemonikoak galdetu deutso, diskurso minorizatuei buruz Alkaizari, erresiztentziakoak Aranari eta oposiziokoak Arregiri. Ahalduntze bertso eskolea be izan dabe berbagai. Publikoaren galderakaz be osotu da mahai-ingurua.

Gaur, garagarrilak 4, bigarren eguna

Gaurko hizlariak Jexux Mari Irazu Muñoa, Alaia Martin Etxebeste, Imanol Artola Arretxe, Aitor Bizkarra Ruiz, Oihana Iguaran Barandiaran, Oihane Perea Perez de Mendiola eta Beñat Gaztelumendi Arandia izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu