Nestor Basterretxearen omenez, natureak, musikeak eta herriek bat egingo dabe

Bizkaie! 2024-07-04 13:52   Kulturea

Urmugaren Urtantaren barruan egitarau zabala atondu dabe garagarrilaren 25erako. 

Urmuga mendia eta musikea buztartzen dituan ekimena da, Euskal Herri osoa mendiz mendi zeharkatzen dauena, natur parajeetan kontzertu ederrak eskainiz. Aurten, Urmugaren Urtanta egitasmoak Bizkaiko hainbat herri zeharkatuko ditu eta kontzertu berezi batekin amaituko da. Aurtengo edizinoak Nestor Basterretxea sortzaile handia omenduko dau, bere jaiotzearen mendeurrena dala eta.

Garagarrilaren 22tik 28ra Urmugak bere omenaldia egingo deutso artista bermeotarrari, mendi ibilbideak eta musikea buztartuz. Egitarau osoa www.urmuga.eus webgunean konsultau daiteke eta sarrerak be bertan dagoz salgai.

Hiru mendi ibilbide

Goizean goizetik hiru mendi ibilbide iragarri ditue (Izena emoteko behean aitatzen diran mendi taldeen bidez egin daiteke edo info@urmuga.eus helbidera idatzita). Ibilbide nagusia 8:15ean abiatuko da Bermeotik, Nestor Basterretxearen Olatua eskulturea dagoan lekutik. 8:30ean, Kosmogonia eskultura artean musika ekitaldi artistikoa egingo dabe eta, hortik, bidea jarraituko dabe Matxitxako lurmuturrera. Bertan, 12:00etan, Basterretxearen gudarien monumentuan omenaldi musikatua egingo jako artisteari eta itsas batailan parte hartu eben gudariei. Hortik Bakiora joango dira.

Beste ibilbide biak Mungian eta Lemoizen izango ditue urtekerak. Mungiakoa goizeko 9:00etan hasiko da eta Gatika eta Jatabe-Maruri zeharkatuta Bakioko Jata merenderora helduko dira. Bertan bazkaria egingo dabe. Lemoizen 10:00etan hasiko da hirugarren taldea eta hau be Jata merenderora helduko da eguerdirako.

Garagarrilaren 25eko kontzertu handia 18:00etan Jata jatetxean Et Incarnastuk Orkestreagaz (22 musikariko orkestrea), euskal kantari ezagunek ordu biko kontzertua eskainiko dabe Bakioko Jata jatetxea. Eñaut Elorrieta, Olaia Intziarte, Idoia Asurmendi, Anje Duhalde eta Xabier Leturiak euren kantak eta besteenak kantauko ditue orkestreagaz egindako moldaketa bereziakaz. Sartzea doban izango da eta Euskolabel produktuak izango dira jateko eta edateko bertaratzen diranentzat. Merenderora joateko eta bueltetako autobus zerbitzua egongo da.

Antolakuntza eta babesle talde zabala

Atontzaile lanetan, Urmuga Alkarteagaz batera, hainbat mendizale talde dabiz: Bermeoko Sollube 707 Mendizale Taldea, Gernikako Goi-zale Mendi Taldea, Meñakako Sollubepe mendi taldea, Gamizko Aldazgora Mendi Taldea eta Eperlanda Elkartea, Busturia Mendi Taldea, Mundakako Gazte-zar Mendiko Taldea, Mungialdeko Tallu Mendizale Kirol Kluba eta Lemoizko mendizaleak.

Babesle eta laguntzaile lanetan ibili dira udalerri honeek guztiak: Bakio, Mungia, Bermeo, Lemoiz, Mundaka, Jatabe- Maruri, Gatika, Meñaka, Arrieta, Fruiz eta Gamiz. Horrekaz batera Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa be nabarmen da. Atontzaileek eskertu nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxa eta Berria.

Migel Zeberio Urmurgaren zuzendariak adierazo dauenez: Euskal Herriko bailara, herri eta mendi guztietara geure kultura, musika eta naturzaletasuna eroan nahi ditugu. Hori ez dogu bakarrik egiten, jakina, eta oso pozik gagoz Bizkaian hainbeste eragile inplikau diralako ekimena posible izan daiten. Beren-beregi eskertzen dogu Basterretxea familiaren lana.

Danontzat edegia dan egun zoragarria pasauko dogula ziur gagoz!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu