Iraia Lauzirika eta Irati Ugartetxea: 'Euskerea abentura barik ez da ezer'
2024-07-08 08:05 BarriketanEuskarAbenturako parte-hartzaileak.
Euskal Herriko zazpi lurraldetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko gazteak euskal geografia, kulturea eta historia lagunartean ezagutzeko oinezko espedizinoa da EuskarAbenturea. 2018ko udan izan zan lehenengo edizinoa, EuskarAbentura izenari eutsiz eta irabazi asmorik bako alkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, barriz, pandemiak galarazo eta 2021ekoa be osasun larrialdiak baldintzatu eban. Garagarrilaren 1ean hasi zan EuskarAbenturaren bosgarren espedizinoa. Euskal Herri osoko 127 gazte hiru autobusetan heldu ziran Maulera, Bilbo, Donostia eta Gasteizetik urtenda, Iruña eta Donibane Garazin geldialdi bana egin ostean.
EuskarAbenturazaleek aldean eroango dabe hilebeteko espedizinorako behar daben guztia, besteak beste, lozakua, kantinplorea, jateko ontziak eta tresnak, nezeserra eta erropak. Jzioquitarrek frontoietan, kiroldegietan, eskoletako aretoetan hartuko dabe aterpe.
31 egunean 400 km baino gehiago oinez, Euskal Herrian zehar, euskerearen erabilerea bultzatuz eta kulturea, osasuna, ekologia eta parekidetasuna balore bezela indartuz.
Bizkaie! ibilbidean dagozen Jzioqui bigaz izan da, Iraia Lauzirika eta Irati Ugartetxea zornotzarrakaz, hain zuzen be.
1.- Zerk motibau zaitu EuskarAbenturan parte hartzeko?
Iraia Lauzirika: aurreko urteetan parte hartu dabenek oso ondo egin deuskue berba EuskarAbenturari buruz. Horrezaz gan, sare sozialetan ikusten doguzen argazki eta bideoak sekulako giroa dagoala erakusten dabe. Oraintsu, giro polit hori benetakoa dala sentidu dogu.
Irati Ugartetxea: Iraiagaz bat nator. Aurreko urteko partaideakaz berba egin eta duda barik etorri gara, izan be, parebako esperientzia izan zala autortu euskuen.
2.- Zelan izan zenduen EuskarAbenturaren barri?
IL: aurreko udan jente piloa ikusi neban laranjaz jantzita eta ez nekien arrazoia. Horren ostean, klasera etorri ziran espliketan ze zan.
IU: neure kasuan, sare sozialen bitartez izan neban horren barri, baita lagunek aitatu ebelako be.
3.- Zer sentidu zenduen onartuak izatean?
IL: ikastolan, korreoa konsultau eta saltoka eta ohiuka hasi nintzan! Irakaslea harritu eta ze demontre pasetan zan galdetu eustan [Barreak]. Horren ostean, irakasle eta ikaskide danak zoriondu eustien eta ni, super pozik.
IU: klaseak amaitu ostean, EuskarAbenturako webgunean sartu eta zerrendan neure izena egoala ikusi neban. Klase osoa flipetan geratu zan [Barreak].
4.- Ze espero dozue abentura honetaz?
IL: lagun asko eta onak egitea, bizitza osorako. Horrezaz gan, bertan egiten doguzen ohitura onak neure egunerokotasunean erabiltea espero dot.
IU: neuk be bardin pentsetan dot. Baina, baita euskalkiak ezagutzea be. Halanda ze, Euskal Herrian suberte handia daukagu, euskereak aldaera asko eta politak baititu. Beraz, horreek ezagutzeko aukerea parebakoa da.
5.- Lehenengo egunetako nerbioak gaindituta?
IL: egia da, etorri baino pare bat egun lehenago urduri nengoan. Oraintsu, urduritasuna zero eta lotsa ondino gitxiago. Lehengo egunetik kopletan ibili gara, beraz, ezin gehiagoan gabilz.
IU: neuk lotsak etxean itxi nituan. Segiduan egin doguz lagunak, autobusa hartu genduan lehenengo momentuan. Ondo pasetan etorri gara eta hori da geure helburua!
6.- Zornotzarrak biak, aurretik lagunak?
IL: bai, kuadrillakoak gara.
IU: suberte asko izan dogu.
7.- Ibilbidetik bai edo bai bisitau nahi dozuen herri edo leku bat?
IL: Araia gura dot bisitau. Zornotzako Euskaltegian C1 titulua prestetan ibili nintzanean, Araiako klasekide bat egoan eta oso ondo egiten eban berba haren herriaz. Beraz, bisitau nahi dot.
IU: asko, baina, batez be, Amaiur. Euskal Herritarrontzat suponidu dauen guztiagaitik.
8. 400 km dira. Entrenau dozue?
IL: ez. Iratigaz behin, ordu biko ibilaldia eta listo [Barreak].
IU: bai, izan be, gogotsu nengoan ibilbideari ekiteko. Beraz, familiagaz hasi nintzan paseoan eta aurrerago baita lagunakaz be.
9.- Ze proiektu aurkeztu zenduen izena emotean?
IL: euskera batua eta euskalkiei buruzko bideo antzerkia egin neban. Bertan, personaia ugari antzeztuz, euskera batuan berba egitea txarto ikusita dagoala islatu nahi neban; arabere gehiago, bakotxak bere euskalkia dauenean.
IU: Olinpiadak aurten diranez, emakumeak noiz hasi ziran kiroletan landu neban. Gustoko eta erreztazuna daukat historia gaietan, beraz, primeran.
10. Beraz, dagoeneko egin dozuez lagunak?
IL: piloa. Oso saltserea naz eta lehen egunean danei galdetu neutsen izenak. Hori bai, hurrengo egunean ahaztu eta barriro galdetu behar izan neban [Barreak].
IU. bai. Izenakaz bardin ibili naz. Guztira, 160 persona gagoz, danon izenetaz akordatea ez da gauerdiko ahuntzearen eztula. Baina lagun asko egin doguz, leku guztietakoak.
11.- Hizkuntzeari jagokenez, ze moduz euskalkiakaz?
IL: ondo, udaleku askotan egon naz eta errez aituten dodaz.
UI: euskaldunak gara eta ez daukagu arazorik esangura horretan. Baina, egia da, Iparraldeko batzuekaz, berba azkarregi egiten dabenean gatxa izaten dala. Astiro, barriz, ondo.
12.- Orain arte bizitakoagaz, ze da gehien harritu zaituena?
IL: jendea oso positiboa da eta kriston giro ona dago.
UI: etapak oso eroangarriak dirala, izan be, han luzeak izanda pentsetan neban astunak izango zirala, baina taldean eta erritmo onean, benetan errazak dira.
13.- Espedizinotik zer nahiago, euskerea edo abenturea?
IL: nahiago dogu euskerea, berezia da leku bakotxeko euskalkia entzutea eta ikastea.
IL eta UI: Hori bai, zer da euskerea abentura barik eta zer abenturea euskera barik!
14.- Zer ekarriko nahi dozue bueltan?
IL: lagunak, izan be, hilebete hau beti izango dogu gogoan. Ohitura onak be bai.
UI: lagunak eta hizkuntzearen erabilera hobea, izan be, geure udalerria ez da oso euskalduna.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!