Holberg String Quintet taldeak emongo deutso hasierea Musika Klasikoa zikloari

Bizkaie! 2024-07-03 13:53   Musikea

Zortzi kontzertuak Gizakundearen Eleizan izango dira, abuztuaren 17tik 24ra.

Musika klasikoak presentzia nabarmena izango dau, urtero lez, Aste Nagusian, Enkarnazino Eleizan eskainiko dan 8 kontzertuko zikloan. Bertan, munduko hainbat tokitako bakarlari, abesbatza eta orkestrak batuko dira. Kontzertuak arratsaldero izango dira, abuztuaren 17tik abuztuaren 24ra bitartean (zapatutik zapatura), 20:30etik aurrera.

Holberg String Quintet boskoteak, Vicente Olmos tronpetisteagaz batera, hasierea emongo deutso Aste Nagusiko Musika Klasikoa zikloari. Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Aerteus Ganbera Orkestrearen parte da ensamblea eta Vicente Olmos, barriz, BOSeko bakarlaria. Abuztuaren 17an (zapatua), alkarregaz izango dira, Edvuard Griegek Holberg baroi ilustratuari eskainitako kontzertuan. Emonaldiak Tchaikovskyren eta Mozarten piezak be izango ditu eta Traviata eta Carmen operakaz osotuko da.

Abuztuaren 18an, domekan, Soinuak Haizean talde bilbotarrak, hiru jantzarigaz batera, Itsasoa laino dago ikuskizun barritzailea eskainiko dau, hainbat arte eszeniko buztartuz: jantza tradizionala eta garaikidea; soka laukoterako zuzeneko musikea eta antzerkia; eta XX. mendearen hasierako portuetako bizimodua erakusten daben bideoak.

Euskal artisten musika klasikoaren ordezkariak be izango dira, Naroa Intxausti sopranoa eta Arkaitz Mendoza pianistea hain zuzen be, abuztuaren 19an, astelehenean. Franz Schubert, Reynaldo Hahn, Charles Gounod edo Fréderic Chopin lako egileen musikea eskainiko dabe.

Abuztuaren 20an, martitzenean, Argentinatik, Carbone Tango Ensemble Cuarteto nazinoarteko ibilbideko bakarlariek osotutako taldearen musikaz disfrutetako aukerea egongo da, bibolin, bandoneoi, piano eta kontrabaxuari esker. Fabian Carboneren zuzendaritzapean kulturearen eta herrikoiaren arteko fusinoa eskainiko dabe.

Josu de Solaun pianistak eta Conrado Moya marinba jotzaileak be errastua itxiko dabe abuztuaren 21ean, eguaztena. Musikari espainiarrek Bacchanalia ganbera-proiektua aurkeztuko dabe, Bachen musika instrumentu bira egokitzen dauena. Proiektua, José Luis Grecoren Las Ninfas de Nisa eta Lorenzo Palomoren El Jardín de Baco lanen erabateko estreinaldiakaz osotuko da.

Hurrengo egunean, abuztuaren 22an, eguenean, Medinukai Ensembleren txandea izango da. Medinukai Ensemble Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia) sortu zan, Álvaro Prietoren babespean. XX. mendeko errepertorio anitza eta ez oso konbentzionala aztertzea dau helburu eta Leoš Janáček, Charles Lefebvre eta Jean Françaix konpositoreen interpretazino musikal parebakoa eskainiko dabe.

Abuztuaren 23an, barikuan, Ensemble Musicantes agertuko da eszenatokian, Los colores del medievo eskaintzeko. Programa horrek XIII. mendeko Europako Erdi Aro Behereko eta XIV. mendeko polifoniaren hasierako europar musika monodikoa eskaintzen dau, Frantzia, Espainia, Britainia Handia eta Italiako musikakaz.

Gasteizko Naiara De La Puente soinujoleak amaierea emongo deutso musika klasikoaren zikloari abuztuaren 24an, zapatuan. Estadu mailako akordeonista ospetsuak, nazinoarteko proiekzino nabarmena dauena, emonaldi fresko eta dinamikoa eskainiko dau, Colores sonoros de ayer y hoy programeagaz.

Programazinoa

Gizakundearen Eleizan, arratsaldeko 20:30ean.

  • Abuztuak 17: Holberg String Quintet y Vicente Olmos.
  • Abuztuak 18: Soinuak Haizean.
  • Abuztuak 19: Naroa Intxausti y Arkaitz Mendoza.
  • Abuztuak 20: Carbone Tango Ensemble Cuarteto.
  • Abuztuak 21: Josu De Solaun y Conrado Moya.
  • Abuztuak 22: Medinukai Ensemble.
  • Abuztuak 23: Ensemble Musicantes.
  • Abuztuak 24: Naiara De La Puente.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu