Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak irabazi dabe Etxepare Saria

Bizkaie! 2024-07-03 09:51   Kulturea

Mamuki izeneko albumari esker.

Guztira 31 lan aurkeztu dira aurtengo edizinoan eta BikoTekan ibilitako egileek eskuratu dabe saria: ilustrazino lanetan Maite Rosende izan da eta testuak josten, barriz, Nerea Ariznabarreta.

Epaimahaikideak, ondoko honeek izan dira: Miren Asiain (ilustratzailea), Patxi Zubizarreta (idazlea) eta Idoia Sobrino (liburuzaina). Irabazleek 5.000 euroko saria jaso dabe. Nafarroako 23 entidadeen euskera zerbitzuak atontzen dabe sairiketea, euskerazko umeendako album ilustratuen sorkuntzea bultzatzeko asmoz.

Pamiela argitaletxe nafarrak argitaratuko dau Mamuki albuma 2024ko udagoienean.

Mamuki beldurrari buruzko album umoretsua da. Gau Baltza da, eta mamuek sustoak emon behar ditue. Baina mamu txikia gaixorik dago eta hainbat pertsonaia beldurgarri saiatuko dira hura osotzen: esaterako, banpiroa, zonbia, zakuzaharra edo otsoko, baina alper-alperrik. Gaixoa! Ze egingo dau Mamukik Gau Baltza ospatu barik? Orduak joan, orduak etorri, munstroak joan, munstroak etorri, ez da konponbiderik agertuko edo bai…

Nerea Ariznabarreta Izcue

Eibarren jaioa, baina, umezaroko asteburuak aitaren baserrian igarotakoa. Bertan, istorioetarako eta antzerkirako zaletasunak jorratu zituan.

Gasteizko Eszena Arte Tailerrean hasi eta beranduago Londres eta Berlin artean LISPA eskolan (London International School of Performing Arts) jarraitu eban formazinoa. Tartean, erdi mailako Musika eta Pianoko irakasle gradua amaitu eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zientzietan lizentziatu zan. Gorputz adierazopen eta keinuetan jarri eban interesa, jantzean sakonduz.

2003an hasi zan ipuinak kontetan eta geroztik konpainia askotan jardun dau antzezle eta kontalari. Egun, bere konpainian dabil, Naita Produkzinoak, baita Teatro Gorakada eta Xake Produkzinoak konpainietan be.

Maite Rosende Gutierrez

1991ean jaio zan Donostian. Batxiler Artistikoa ikasi eban eta amaitzean Bartzelonara joan zan pintura muraleko goi-mailako gradua egitera. Ilustrazinoa ikasi ondoren, Bartzelonako etapa amaitutzat emon eban. 

Hainbat diziplina artistiko ikasten jarraitu eban, baita diseinu grafikoan, argazkigintzean eta bideo-edizinoan be.

Gaur egun freelance bezala egiten dau lan ikus-entzunezko piezen, kartelen eta ilustrazinoen enkarguak eginez, lan personalak albo batera itxi barik.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu