Euskaltzaindiak 'Euskararen Gogoetagunea (I)' argitalpena kaleratu dau

Bizkaie! 2024-07-02 10:19   Euskerea berbagai

Jon Sarasua da proiektuaren koordinatzailea.

Euskararen Gogoetagunea (I) argitalpena aurkeztu dau Euskaltzaindiak Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Laboral Kutxa erakundeakaz batera. Prentsaurrekoan izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako diputadu nagusia, Andres Urrutia euskaltzainbura, Nuria Agirre Laboral Kutxako Persona eta Baliabideen saileko zuzendaria eta Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunea proiektuaren koordinatzailea.

Euskararen Gogoetagunea proiektua 2022an aurkeztu eban Euskerearen Akademiak. Ordutik, Euskaltzaindiaren Jagon saila arduratu da egitasmoaz. Ekimenak euskal komudidade linguistikoaren diagnostikorik egokienak eta idearik onenak batu eta zehaztu nahi ditu, ondoren euskal erakundeei eta gizarte eragileei eskaintzeko.

Holan, Gogoetagunearen ezaugarriak adierazoten dira, orain arte egitasmoak emondako emoitzakaz batera: Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak paratutako Euskerearen egoera soziolinguistikoa: ikuspegi orokorra ponentzia, eta Jon Sarasuak ondutako Euskararen etorkizun-ikuspegia (euskararen egoeraren diagnostikoaren sintesia) ponentzia.



Agerpenean, Eider Mendoza diputadu nagusiak eskerrak emon deutsee Gogoetagunearen lehen argitalpena ontzeko lanean ibili diran adituei eta egitasmo horren garrantzia adierazo dau: Euskerearen bizibarritze prozesua apalaldi batean sartzeko arriskuaz ohartarazoten dagoz adituak eta, testuinguru horretan, lehen mailako garrantzia dau espazio honek. Ikuspegi anitzak, epe luzeko begiradea dabenak, partekatuz eta aurrera begira emon beharreko lehentasunak ezarriz, euskerearen erabilerea indartzeko gagoz alkarlanean nabarmendu dau.

Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu dau Euskaltzaindiaren zereginetako bat dala euskerea jagotea. Gogoetagunean euskereak bizi dauen egoerea aztertzen gabiz, gero hausnarketa horreek gizarteari eta erakundeei eskaintzeko.

Jon Sarasua Euskerearen Gogoetagunea proiektuaren koordinatzaileak orain arte eginikoak aletu ditu berbaldian eta bigarren argitalpen batek zer ekarriko dauen be aurreratu nahi izan dau: euskerearen etorkizun-ikuspegi artikulatua osotzeko ariketan pausuak emon ditu Euskerearen Gogoetaguneak 2022tik hona. Dagoeneko, ponentzia bi landu, kontrastau eta argitarau ditu; batetik, egoerearen diagnostikoaren ponentzia eta bestetik, etorkizun-ikuspegiaren ponentzia sintetikoa. Ponentzia sintetiko horren ondoren, aitatzen diran arlo eta adarren garapena egiten daben ponentziak martxan dira, batzuk daborduko landuak eta kontrastatuak eta beste batzuk lantze-bidean. Administrazinoaren etorkizun-ikuspegiari buruzkoa, hedabideen etorkizun-ikuspegiari buruzkoa eta helduen euskalduntzearen etorkizun-ikuspegiari buruzkoa eginda dagoz eta horreek osotuko dabe hurrengo argitalpena. Beste arlo batzuetako ponentziak martxan dagoz, adituen eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu