VIII. Open, urriaren 1etik 6ra
2024-07-01 07:50 KultureaArkitekturen Jaialdia lelopean.
Open House hemendik aurrera Open izango da. Ganera, espazioak edegiten jarraitzeaz gan, ikusgarritasuna emongo deutse arkitekturea egiteko molde barriei. Holan, estudio barrien edo eraikuntza bako arkitekturen begiradea erabiliko dau, lanbidean jarduteko modu alternatibo gero eta ohikoagoak erakutsiz.
Gaur egungo arkitektura-jarduna inoiz baino ugariagoa da eta imajinario kolektiboan oraindino be arkitektura-eredu bateratua eta ikonikoa da nagusi. Beraz, Open programeak ikuspegi hori edegi nahi dau, beste arkitektura mota batzuk erakutsiz: esaterako, egunerokoak, ikusten ez diranak, femeninoak edo jagoleak.
Horretarako, jaialdiaren programazinoak asteburua baino gehiago iraungo dau, urriaren 1etik 6ra, Arkitekturen Jaialdia lelopean.
Programea hainbat ekintzatan oinarrituta diseinau da, arkitekturea bisitau, berba egin, olgau, ibili, diseinau eta ikusi ahal izateko.
Openek 60 espazio berezi baino gehiago edegiko ditu bisitarientzat. Aldi berean, alkarrizketarako espazioak sortuko ditu, jolasa edo olgetea sustatuko dau urian, oinez ibilli eta uria deskubriduteko gonbita eginez eta uria alkarregaz birdiseinau eta ikuspegi eta begirada askotatik ikusteko jarrerea hartuz. Hori guztia irailean aurkeztuko diran kultura-jardueren programearen bidez egingo da.
Boluntarioak
Ezinbestekoa izango da jaialdia urtero hain berezia izatea egiten daben ehunka boluntarioen konpromisoa eta gogoa. Boluntarioa izatea librea da, edozein herritarrek egin leike. Ez da beharrezkoa aldez aurretik arkitekturaz ezer jakitea. Baldintza bakarra ikasteko gogoa eta kulturea edegiteko interesa izatea da.
Boluntario izateko izen-emoteak edegita dagoz hemen.
Open House Europa
Bigarren urtez jarraian, Open House Europa nazinoarteko ekitaldian parte hartu dau Bilbok, Europako beste 12 urigaz batera. Europar Batasunak Creative Europe programearen testuinguruko proiektu horrek arkitektureari buruzko berbaldi inklusiboagoa sustatu eta diziplina horrek aldaketa positiboko eragile bezela dauen eginkizuna indartzea izango da asmoa gizarte eta ingurumen-erronken aurrean.
Open House Europa-k baterako nazinoarteko programea garatzen dau. Bertan, urteroko goi-bilera batez eta ingelesezko jarduerez gan, boluntarioen trukerako programea egongo da. Aurreko edizinoan, Dublin, Brno edo Milango 10 boluntariok parte hartu eben Bilboko lehiaketan, eta Bilboko 5 boluntariok beste Open uri batzuk bisitau eben, esaterako Atenas, Essen eta Lisboa.
Antolaketa
Open House Bilbao Out-ek diseinau eta atondutako ekitaldia da. Out irabazi-asmorik bako alkartea da, tokikoa, uri-barrikuntzan, arkitekturan eta herritarren parte-hartzean interesa daben arkitekto gazteek sortutakoa. Ekitaldiak Bilboko Udalaren babesa dauka.
Herritarrek, arkitekturearen eta urigintzearen bidez, euren uriaren inguruko konzientzia hartzeko aukerea da. Ekitaldiaren bitartez, gai horreek ezagutarazotea dira. Hori dana parte-hartzearen bidez egiten da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!