'Noeren ontzia' plazaratu dau Euskaltzaindiak
2024-06-28 09:31 Euskerea berbagaiMemoria literario komuna osotzeko helburuagaz.
Euskaltzaindiak atari digital barria jarri dau euskal gizartearen esku: Noeren ontzia izenekoa. Halanda ze, euskal memoria literario komuna osotzeko ahalegina da. Holan, garai eta euskalki guztietako testu hautatuak eskainiko ditu, euskeraz sortuak edo beste hizkuntza batzuetatik euskereara ekarriak. Irakurleak gaurko hizkuntza-grafiaz eta morfologiaz aurkeztuta aurkituko ditu testuok, baina jatorrizkora jotzeko aukera be izango dau.
DBHko eta Batxilergoko ikasleentzat diseinau da batez be, baina baliogarria izan nahiko leikie unibersidadeko ikasleentzat eta euskaltegi eta hizkuntza-eskolentzat, baita ikasmaterialak prestatzen dabezen Barritzegune eta argitaletxeentzat be, edota Irakurketa Plana hornidu nahi daben ikastetxeentzat.
Beraz, idazki mota asko, genero guztietakoak, jasoko ditu Noeren ontziak, eta ez literarioak bakarrik: alkarrizketak, testigantzak, gutunak, bando, panfleto edo mitin-zatiak edota prensa-artikuluak (besteak beste, Gasteizko Martiaren 3ko jazoeren lekuko izan zan Juan Jose Zearretak aste haretan bertan Anaitasunan argitaratutakoa) baino. Testu esanguratsuak beti be.
Kontuak kontu, sei ataletan banatuta dagoz testuak: Historia, Herri-kultura, Hizkuntza, Literatura, Ahozko Literatura, Gaurko Gizartea eta Abestiak atalotan.
Noeren ontziaren helburuak
Irautea eta zabaltzea merezidu daben testuak gabiz jasoten Noeren ontzian, esan dau Asun Garikano euskaltzain oso eta egitasmoaren koordinatzaileak, gero eta beharrezkoagoa baita euskerazko kultura-produktuak erakusleihoetara eroatea, eta, batez be, gazteen eskuetara. Gure literatura-ondarea eta kultura-ondarea, hurrengo belaunaldiei pasa nahi badeutsagu, beharrezko baliabide guztiak jarri beharko dira hezkuntza-komunidadearen eskura. Beraz, Noeren ontziaren helburuak argi dagoz: Lehenengo helburua gure aurrekoen ondarea jasotea da. Ez bakarrik euskeraz dagoalako, Koldo Mitxelenaren berbak aitatuz, sakonagoko zeozer adierazoten dauelako baino.
Badu Noeren ontziak beste helburu bat be, irakurmenagaz lotua dagoana. Danok dakigu azken urteetako PISA eta PIRLS probetan emoitzak kaskarrak izan dirala irakurmenaren atalean. Horren aurrean, 2018an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko Irakurketa Plana argitaratu eban Heziberri 2020 hezkuntza-eredu pedagogikoaren barruan. Bertan, askotariko testuak nahiz lexikoa lantzearen beharra azpimarratzeaz gan, ikastetxe bakotxak bere irakurketa-plana diseinetako edo eguneratzeko pausuak zehazten ziran. Irakurgunea webgunea be edegi zan, eduki guztiak bertan kokatzeko. Plan horretan, barriz, behar-beharrezkoena falta zan: askotariko testu horreek ez ziran inon agiri. Falta zan, hain zuzen be, Noeren ontzian jasoten ari gabizen: estilo, erregistro, tonu askotako testuak, argitu dau Garikanok.
Testuez gan, gaiakaz lotutako ikonografiak be (grabatuak, argazkiak, marrazkiak, mapak, grafikoak...) aparteko garrantzia dabe proiektuan. Zenbaitetan, irudi horreek ez dira testuaren apaingarri hutsa izango, testuaren edukiagaz batera aztertu beharreko elementuak baino. Bestelako erremintak be izango dira. Behin entzun neutson ikasle bati bere irakasgaian euskal curriculuma txertatzeko, erreminta-kutxa bat behar ebala era guztietako tresnak izango zituana: irakurgaiak, bai, baina baita bideoklipak, audioak, dokumentalak eta abar be. Ideia horregaz bat eginez, Noeren ontziko testu asko multimodalak izango dira azpimarratu dau euskaltzain osoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!