'Gure koloreak ez dira zuritzeko'

Ehgam 2024-06-28 08:35   Pil-pilean

Dana nahi dogu, danontzat!

Hemen da bagilaren 28a barriro eta 1978tik egiten dogun bezela, kalera urtengo dogu. Gure gorputz ez-bitar, trans, bollera, marika, bisexual eta disidenteez harro gagozala nahi dogu esan, gure luma, gure bizitza-eredu ez-heterozuzenak eta gure hazkuntza-ereduak ederrak dirala aldarrikatu nahi dogu ozen. Baina ozenago oihukatu nahi dogu gure burrukea askapen-burrukea dala, LGTBIQ+ personen askapena eskatzen dauena eta gainerako desjaubetuena be bai eta horregaitik palestinar herria buruan dogula urtengo dogu kalera aurten. Gure agintarien konplizidadeagaz Israel egiten dagoan genozidioaren aurrean, barriro eskatzen dogu ez daitezala LGTBIQ+ eskubideak erabili sarraskia zuritzeko, gure askapena aldarrikatzea Palestinaren askapena aldarrikatzea baita, ez baitago harrotasunik genozidioan.

Ikusi ditugu aste honeetan enpresak (horreetako zenbait Israelen konplizeak) eta etxebakotzen daben banketxeak ortzadar banderearen koloreaz beren logoak apaintzen. Kapitala metatzea beste helbururik ez daben enpresa eta erakunde horreei esan nahi deutsegu ezetz, ez dala bateragarria etxegabakotzeak agindu eta aldi berean itxuraz LGTBIQ+ eskubideen alde agertzea, eta ez, langileen esplotazinoan ez dagoala harrotasunik. Ez deutsegu itxiko gure koloreakaz euren miseriak zuritzen. Salatu nahi doguz bagilaren 28a eta sexu askapen burrukea kapitala metatzen jarraitzeko zein uriak gentrifiketako eta turistifiketako tresna lez erabili nahi dituen ekimenak, batez be, Bilbao Bizkaia Harro, gure eskubideen izenean funtsean erdi-goi mailako atzerriko turismo gay diruduna sustatzea nahi dauen ekimena. Ez, gure koloreak ez dira turismoa erakarteko amua.

Ikusiko ditugu egunotan, bagilaren 28an erakundeak, gobernuak eta administrazinoak eraikinak banderaz apaintzen, asmo oneko aldarrikapenak egiten. Baina badakigu LGTBIQ+ bizitza guztiak, ez gitxi batzuenak bakarrik, duinak izan daitezen, ez dala nahikoa urtean behin geugaz gogoratzea, ez dala nahikoa diru-partidatxu bat gordetea sexu-aniztasunaren inguruko kanpaina sinbolikoak egiteko. Gure biziteak, danonak, duinak izan daitezan, sakoneko aldaketak behar ditugu. Dana goitik behera aldatu. Hasteko, Atzerritartasun Legea lehenbailehen indarbakotzea eskatzen dogu, arrazakeria estrukturala ahalbidetzen dauen tresna horrek persona migratzaileen oinarrizko eskubideak zapaltzen ditualako. Etxebizitza izateko eskubidea bermatzea be bai. Salatu egin nahi ditugu, era berean, prostituzinoaren abolizinoaren izenean sexu-langileen eskubideak arabere gehiago urratzen dituen legeak sustatzeko ahaleginak. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko trans-legeak aurrerapausuak badakarz be, gogorarazo nahi dogu legeak ez dirala ezer gero persona transen eskubideak bermatzen ez badira. Esaterako, legea onartu ostean be, Gurutzetako Unibersidade Ospitalean protokolo zaharrek indarrean jarraitzen dabe eta ez da persona transen duintasuna jagoten. Zer esanik ez, transfobia soziala ez dau legeak ezabatu, ezta LGTBIfobia be, eta hari aurre egiten jarraitu deien anmetan ditugu bagilaren 28 honetan be.

Guztion bizitzak bizigarri egiteko behar ditugun eraldaketak sakonekoak dirala gogorarazo nahi dogu eta kapitalismoa eta harek bultzatzen dauen eredu zisheterosexista, matxista eta arrazistea dirala osorik inpugnau behar ditugunak. Badakigu familia nuklear heterosexualean eta jaubetza pribatuan oinarritutako sistema kapitalistan, etxebizitzea ez dala eskubide bat eta horrek aukeratu ez dituen familietan biziten jarraitzera kondenetan dituela gazte trans, ez-bitar, gay, lesbiana eta bisexual ugari. Era berean, jagoletza-sistemea pribatizau eta familiaristak bakardadera, miseriara eta zahartzaro ez-duinak izatera daroaz gure komunidadeko edadeko persona asko.

Etxebizitzarako, jagoletzarako eta bizi-baldintza duinak izateko aukerak emongo dituan gizartea behar dogu, bestela ez baita posible guztion bizitzak bizigarriak izatea. Errotiko aldaketa horreei ekin ezean, erakundeek ez deiela erabili ortzadar banderea lotsak estaltzeko eta beren burua zuritzeko.

Ez. Ez deutsuegu itxiko gure burrukearen koloreak genozidioa zuritzeko erabilten; ez deutsuegu itxiko gure banderearen koloreez jazten gure uri eta auzoak saltzeko; ez deutsuegu onartuko banderea han-hemenka partxeak jarteko erabiltea. Burrukan jarraituko dogu sexu eta genero-disidente ororen gorputzak eta bizitzak duinak izan arte. Dana nahi dogu, eta danontzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu