Leire Gerenabarrena: 'euskerearen sustapenean erabagiorra da alkarlana'

Koldo Isusi Zuazo 2024-07-01 07:55   Barriketan

Gu Geu. Kirola Euskaraz kanpainea martxan dago 17 euskal federazino tartean dirala; EKFBk eta Eusko Jaurlaritzeak kirolean euskerea sustatzeko sinatutako hitzarmena da, euskerearen erabilerea normalizetako helburuari eutsiz. Ezinbestekoa da gure hizkuntzea gaur egun modu ez-formalean erabilten dan arloetara be heltzea, berbarako aisialdira. Horregaitik, Euskal Kirol Federazinoen Batasuna-Unión de Federaciones Deportivas Vascas (EKFB-UFDV) alkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren arteko lankidetza hau behar-beharrezkoa da kirolean euskerearen erabilerea normalizetako, kirola gune estrategikoa baita hizkuntzearen erabilerea finkatzeko, belaunaldi barrien arlo akademikoaz kanpoko jarduerea baita, eskolearen eta kalearen arteko zubi.

Kontu horreen eta bestelakoen barri Leire Guerenabarrena berriztarrak emon deuskuz, Euskal Kirol Federazinoen Batasunako kudeatzaileak.

 

1.- Euskereak espazio barriak irabaztea da asmoa eta kirola da espazio horreetako bat. Gau egun zelakoa da egoerea?

Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailak 2021eko garagarrilean jarri eban martxan kirolean euskerea sustatzeko plana eta ordutik hona pausu batzuk emon doguz eta onerako izan diralakoan nago. Alkarlanean ibili gara Euskal Kirol Federazinoen Batasuna eta aitatu saila eta kirolean euskerearen erabilerea normalizetako prozesuan polito gabiz. Pausu batzuk emon doguz orain arte baina asko dago egiteko, ikastaroak emoten gabiz jokalari, entrenatzaile zein monitoreei eta, horrezaz gan, sensibilizazino kanpainak be egiten doguz baina Gu Geu. Kirola Euskaraz kanpainea be ez daigun baztertu, pausu batzuk emon doguzalako eta daborduko 17 euskal federazino tartean dira.   


2.- EKFB-UFDVk, Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailak eta Jose Angel Iribarrek aurkeztu dabe Gu Geu, Kirola Euskaraz kanpainea. Zeintzuk dira helburuak?

Euskal Kirol Federazinoen Batasunaren barruan dagozan 48 federazinoetan euskerearen erabilerea indartzea da helburua eta ahalik eta arlo gehienetan, kirolari, entrenatzaile, zuzendari eta kirolagaz loturea daben persona eta eragile gehienen artean. Kanpainara batutakoak dira arbitroak, entrenatzaileak, ikusleak, zuzendaritza taldeetako beharginak, euskal federazino eta kirol erakundeak. Gaztelania nagusi dan eremuetan euskerea sartu gura dogu.

3.- Txopo ez da edozein, zelakoa izan da Iribarren ekarpena?

Ohorea izan da Iribarrek bat egitea geugaz eta geure helburuakaz. Iribar zarauztar bizkaitartuak beti egin dau euskeraz eta euskerearen alde eta holako mailako kirolari bat eredu da guretzako. Jentaurreko adierazpenak beti egin ditu euskeraz eta jokalari gazteen artean be lan handia egin dau euskerea eta erabilerea sustatzen. 

Era berean, kanpainearen ikusgarritasunari jagokonez oso baliotsua izan da holako mailako kirolari batek emoten deutsun indarra. 

4.- Kirola gune estrategikoa da hizkuntzearen erabilerea finkatzeko eta 17 euskal federazino batu dira kanpainara. Asko dira ala gitxi?

Hamazazpi federazino dira EKFBgaz akordioa sinatu dabenak (% 35) euren arloetan euskerea sustatzeko eta oso datu ona da baina Gu Geu. Kirola Euskaraz kanpainan federazino guztiak sartzea gura dogu eta oraingoz badakigu batzuen interesa dala bat egitea. 
 

5.- Euskerearen diagnostikoak eta planak egitea, entrenatzaileentzako eta eskola kiroleko monitore laguntzaileentzako prestakuntza ikastaroak eta bestelakoak be beharko dira aurrera egiteko. Egitaraua zehaztuta dago?

Zehaztuta dago bai, 9 federazino dira euskara planaren implementazinoan dabizanak: errugbia, txirrindularitzea, gimnastikea, surfa, pelotea, arrauna, karatea, mahai-tenisa eta xakea. Ganerakoan, 8 dira euskera planakaz eta hasibarria diranak, diagnostikoagaz eta dabizanak: halterofilia, neguko kirolak, eskubaloia, ugerketea, irristaketea, atletismoa, saskibaloia eta judoa.

Ganerakoan, entrenatzaileentzako ikastaroak be martxan dagoz eta beste batzuei laster ekingo deutsegu; oraingoz zabalik dogu Eskola Kirola programan entrenatzaile izateko izena emoteko epea eta ikastaro hau egin eta gainditzen dabenek aukerea izango dabe aurrera egiteko. Informazino gehiago behar dauenak begitu daiala hemen.

6.- Aritz Olagoi psikologoa be tartean dabil, Kiroletik bagoaz euskaraz saria irabazitakoa. Makinatxu bat proiektu sortu dituana. Alkarlanean gustora?

Duda barik. Olagoi esperientzia handiko profesionala da eta badaki alkarlanean behar egiten. Datorren urtean be euskera sariaren bigarren edizinoa etorriko da eta sarituagaz alkarlanean ibiltea da gure asmoa.

7.- Gu Geu. Kirola Euskaraz kanpainea bagilaren 21etik abuztuaren 31ra egingo da. Ikus-entzunezko zenbait pieza ditu eta sare sozialetan (Facebook eta Instagram) ikusi ahal izango dira. Tarte horretan erabiltzaileak zer egin leike?

Kanpainea sare sozialetan dago eta zehetasun guztiak hor topauko ditu interesa dauenak. Erabiltzaileak oinarrizkoak dira kanpaineari ahalik eta ikusgarritasunik handiena emoteko. Gure webgunean be badago modua ikus-entzunezko piezak eta bestelakoak ikusteko.

8.- Belaunaldi barrien arlo akademikoaz kanpoko jarduerea izanik, zelako erantzuna espero dozue?

Kanpainearen erantzun ona antzemon dogu, esan deuskuenez, erantzuna nahikoa positiboa da. Pozarren gagoz. Kirolak arlo akademikoa eta aisialdia buztartzen ditu eta, beraz, gune estrategikoa da kirolean euskerearen erabilerea sustatzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu