Emakumeen Etxea edegiko dabe Atxurin
2024-06-26 08:43 KultureaAtxuri kaleko Ollerieta Eskolan.
Bilboko Udalak uriko lehen Emakumeen Etxea izango dau agintaldi honetan. Emakumeei zuzendutako partaidetza-espazio horretarako, Atxuri kaleko 45. zenbakian dagoan udal-eraikina aukeratu da, Ollerietako eskoleak hartu zituana. Holan jakinarazo jake Emakumeen Udal Kontseiluko alkarteetako ordezkariei.
Bilboko gune feminista horren proiektu arkitektonikoa Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako eta Bardintasun sailen artean zehaztuko da eta Konseiluaren barruko Lan Batzorde espezifikoan parte hartzen daben emakume-alkarteen laguntzinoa izango dau, baita uriko auzoetako beste talde eta erreferente feminista batzuena be.
Eraikina egokitzeaz gan, Udalak modu parte-hartzailean zehaztuko dau azpiegiturearen Jarduketa Plana (helburuak, zerbitzuak, ekimenak eta funzinonamendua).
Udalak Emakumeen Etxea martxan jarriko dau Bizkaiko uriburuan eta hiru helburu nagusi izango ditu: proiektu estrategikoa eta erreferentea izatea urian benetako bardintasunean aurrera egiteko, indarkeria matxistea desagerrarazotea eta emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzea.
Azken urteotan, Udalak azpiegitura feministearen garapenean lan egin dau. 2020an Euskadiko emakumeen etxeen errealidadeari buruzko azterlana egin eban, Bilboko udalerriaren errealidadera egokitutako ahalduntze-espazioa martxan jarteko. Horrezaz gan, 2022an, parte hartze bidezko prozesua egin eben, Bilboko emakumeen parte hartzea bultzatzen daben espazio eta jarduketei buruzko eretxia jakiteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!