Laida eta Laga magia hutsa
2024-06-25 08:31 Ibilian-ibilianBizkaiko txoko berezienetako bi bisitauko doguz.
Bizkaian geratuko gara bagileko bigarren hamabostaldian. Halanda ze, lurraldeko txoko berezienetako bi bisitauko doguz: Laida eta Laga hain zuzen be.
San Pedro de Atxarre ondo ezagutu arren, ezustekoa eroan neban bertaratzean, izan be, basoa ebagita egoan. Beraz, aurrera egin ahala, itzela da aldaketea: lehenago, begiak itxita egiten genduan ibilbidea; oraintsu, ez da erraza kokatzea. Beraz, adi egon, sano aldatuta dago eta.
Lehenik eta behin, Laidako kanpinean kotxea itxi eta Ur enpresearen eskumaldeko bidezidorretik ekingo deutsagu ibilaldiari. Lehen aitatu lez, basoa goitik behera aldatuta dago, beraz ondo orientau eta Laidako kanpina alde batera itxita, goazen gora!
Kanalaren aldamenean, marismea ikusiz, olatuen eraginaz disfrutetan gagoz, benetan ederra da. Ugin handiak dagoz, Mundakako Laidatxu hondartzaraino hain zuzen be. Horren ondorioz, mundu mailan hain ezaguna dan ezker ugina sortzen da. Kontuak kontu, geratu eta disfrutetako leku itzela da.
Oso aitagarria da Atxarre ezkerrean ikusita be, geuk beti ezkerrera egin behar dogulako. Halanda ze, bide gehienetan, ezkerreko bidea hartu behar dogu. Aurrera eginez, ermita txikia pasau ostean, barriro be ezkerretara egin eta etxe handi baten ondotik bidezidor batera egingo dogu salto, pistea atzean itxita. Aldatzean gora eta ezkerretara segiduz, Akordarako bidea ikusi dogu. Geuk, Atxarrera egingo dogu lehenengo, baina ondo akordau, izan be, hortik pasau beharko gara beherantz joakeran.
Altxarreko tontorrean, geldialditxua egin eta disfrutau. Bertatik, kanpina, Sukarrieta, Busturia, Mundaka, Matxitxako, Izaro eta beraz, Urdaibai guztia ikusteko aukerea dago.
Orain bai, behera eginez, lehenago ikusitako Akordako bidea hartu eta hemen, ibilbide markauta dago koloreakaz. Basoa ikaragarri polita da, disfrutetako modukoa, gorabeherakaz. Akorda auzotik aurrera, Ibarrangelutik pasau arren ez gara geratuko bazkaltzen, baina otordua egiteko leku aproposa da.
Landaz betea, Akordatik pasau eta eskumara egingo dogu, Lagako bidera. Aldatuta egon arren, bidegorria behean dago ikusgai eta ezkerretara jarraituz, errepide ondoko etxera helduko gara. Bajaukeran, Lagako begiratokian, Ogoño izango dogu aurrez aurre.
Tabernak egunero dagoz edegita, astelehenetan izan ezik. Bueltea, bidegorritik egingo dogu, Antxoras inguruko ikuspegiaz gozetan dogun bitartean.
Lasaitasuna sekulakoa, binomio eder horregaz, Euskal Herriko biosfereagaz bat eginez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!