590 idea uria eta auzoak hobetzeko asmoz
2024-06-24 12:42 KultureaBotazinoa, irailaren 16tik 27ra izango da.
Bilboko Udalak uria eta auzoak hobetzeko bilbotarren 590 proposamen jaso ditu, 2025eko partaidetzazko aurrekontuen udal-programearen barruan. Horreetatik, hemezortzi proposamen egin ditu Haurren Kontseiluak, edizinoko barritasuna izan dana.
Euskera, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako Saileko zinegotzi Eider Inunciagak balantze positiboa egin eta ondokoa azpimarratu dau: ezinbesteko bihurtu dan tresnea da, xehero adierazoten baitabe zeintzuk diran herritarren beharrizanak eta eskaerak, eta, holan, modu eraginkorragoan erantzuten dogu.
Proposamenak egin dituen personen eta alkarteen profilari jagokonez, % 58,19 emakumeak izan dira, % 76,51 banaka aurkeztu dira eta % 20,64 alkarteek aurkeztu ditue; ganerako % 2,85a Haurren Kontseiluak aurkeztu dau. 41 eta 65 urte arteko personak izan dira parte hartzera gehien animau diranak; izan be, jasotako proposamen guztien ia % 74 adin-tarte horretako herritarrek egin ditue.
Barrutiei jagokenez, Ibaiondori lotutako ideak izan dira nagusi (% 26,95), eta atzetik izan ditue Deustu (% 13,90) eta Uribarriri buruzkoak (% 6,78). Halanda be, proposamen gehienak uriari buruzkoak izan dira: guztira % 38,31.
Proposamenen edukiari jagokonez, obrei buruzkoak (% 37,97) dira nabarmentzekoak, eta horreen ostean honako arlo honeekaz zerikusia dabenak: gazteak eta kirola (% 15,42), mobikortasuna eta jasangarritasuna (% 12,88), osasuna eta konsumoa (% 9,66) eta zerbitzuak (% 9,49).
590 proposamenetatik hemezortzi aurkeztu ditu Haurren Kontseiluak: obrei lotutako zazpi proposamen, zerbitzuei lotutako beste zazpi, gazteria eta kirolekaz zerikusia daben bi, euskereari buruzko bat eta osasun eta konsumoaren inguruko bat.
Herri-botazinoa, irailaren 16tik 27ra
Irailera arte, udal-sailek maila teknikoan eta ekonomikoan bideragarriak diran ideak lehenetsi eta hautatuko ditue, interes orokorreko, egokitasuneko eta udal-estrategiako erispideei jarraituz.
Prozesu horri esker hautatuko dira herritarrek botoa emon osteko fasera pasauko diran proposamenak eta antzeko edukia daben proposamenak proiektu bakar batean batuko dira botazinorako.
Herritarrek irailaren 16tik 27ra bitartean emongo ditue botoak bilbao.eus webgunearen bidez.
Bilbon erroldautako 16 urtetik gorako edozeinek parte hartu ahal izango dau botazinoan eta bakotxak boto bakarra izango dau. Horretarako, inprimaki sinple bat egingo da, eta bertan identifikazino-agiria eta jaiotze-data erroldeagaz baliozkotuko dira.
Zelan erabili udalaren urteko aurrekontua
Bilboko Partaidetzazko Aurrekontua prozesu edegia da, bilbotarrei aukerea emoten deutsena Udalaren urteko aurrekontuaren zati bat erabiltzeko ideiak emon eta proposamenak egiteko. Bertan, ondokoek parte har leikie: hamasei urte baino gehiago dituan eta Bilbon erroldatuta dagoan persona orok, Udaleko Herritarren Partaidetzako Erakundeen Erregistroan inskribidutako erakunde orok, legez eratuta dagozen edozein erakundek (alkarteak, fundazinoak, sindikatuak, elkargo profesionalak eta zuzenbide publikoko korporazinoak) eta Bilboko ikastetxe orok.
Kasu guztietan, Udalaren sail eta programaren bategaz zerikusia daben proposamenak aurkeztu ahal izan dira, uri osorako edo barrutiren baterako interesgarriak diranak, bilbao.eus webgunean dagozen inprimakia betez. Eskabide-inprimaki bakotxean proposamen bakarra egin ahal izan da, eta kontuan hartuak izateko baldintza batzuk bete behar izan dira: Udalaren eskumenekoak, legezkoak, interes orokorrekoak eta egingarriak izatea, 300.000 eurotik gorakoak ez izatea eta 2025ean gauzatu ahal izatea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!